Hamabosgarren aldiz, Lauaxeta sariak banatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Administrazioan euskararen erabilera bultzatzea helburu izan duen EraMiak programa izan da sarituetako bat, lan munduan euskara gehiago egitea sustatzeagatik. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak, berriz, 35 urtetik beherakoentzako poesian lortu du irabaztea, Analfabetoa poema bildumarekin. 35 urtetik gorakoentzako poesiaren kategorian, Itsas Bizimina lanarekin, Pello Otxotekorentzat izan da saria. Azkenik, ikus-entzunezkoen mailan, Fermin Etxegoienen Euskaltzaindia: Egunak eta lanak eskuratu du Lauaxeta saria.
Astizi dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du «abangoardiaren bideari jarraituz adierazpen poetiko handia» edukitzea. Otxotekok, berriz, «bidaia literario eta sentimentala» proposatzen duela iruditu zaie epaimahaikideei. Azkenik, Etxegoieni «Bernardo Atxagaren sentikortasuna umore onarekin konbinatzeagatik» eman diote saria.
Abadia saria
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok Abadia saria entregatu dio Arantxa Urretabizkaiari. "Euskal literaturan emakumearen rola berritzeko" gaitasunagatik eta euskara "aro modernoak" sartzeagatik saritu du epaimahaiak idazlea.