HELEP

'Euskal Elkargoa' proposatu dute Ipar Euskal Herriko egitura berriaren izentzat

Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak erabaki dute euskarazko izena. Azaroaren 19an Jagon jardunaldiak egingo dituzte, "biharko" hizkuntza politika antolatzeko.

jarraia128512.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko azaroaren 9a
14:23
Entzun

Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa izenburupean antolatu dituzte Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak aurtengo Jagon jardunaldiak. Azaroaren 19an izanen dira, Baionako euskal museoan. Goizean, gaur egungo euskararen egoeraren irakurketa bat proposatuko dute; arratsaldean, elkargo bakarrarekin nolako hizkuntza politika eraman behar den arituko dira. “Momentu inportantea da, eta mezu argia helarazi nahi diegu hautetsiei: hemendik aitzina, ez da aski izanen erratea ez dela legerik; bakoitzak bere ardurak hartu beharko ditu”, adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendari eta Euskal Konfederazioko kideak. Jardunaldien bukaeran, aldarrikapen testu bateratu bat aurkeztuko dute erakundeentzat.

Bi egiturek, orain arte eraman den hizkuntza politika publikoari buruzko gogoeta ere plazaratu dute. Haien iritziz, orain arte “aldian aldikoa” egin da, “ahal zena”. Haien ustez, ez da helbururik finkatu eta egin den guzia “ontzat” eman da, egiten zelako. “Helburuak finkatu behar dira, eta helburu horietara heltzeko bideak pentsatu”, Gorostiagaren hitzetan. Orain arte eraman den politiken helburua hizkuntza biziberritzea zen; alta, inkesta soziolinguistikoek erakusten dute hori ez dela gertatu. “Zer eta nola” egin gogoetatu behar dela azpimarratu dute.

Euskal Elkargoa

Ipar Euskal Herriko hirigune elkargo bakarra sortzeko prozesua abiatu zenetik, zernahi izen erabili da egitura izendatzeko. Egitura bakoitzak bere irizpideak erabili ditu. Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Euskal Elkargoa hobetsi dute egituraren izen ofizial gisa. Elkargo bakarreko hautetsiek erabaki beharko dute zer izen ofizial hautatzen duten. Halakoetan, Euskaltzaindiari galdetzea izaten da ohikoena; egingo ez balute, Euskaltzaindia bera joanen da harengana Euskal Elkargoaren proposamenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.