azpiegiturak

'Euskal Y'-aren 11 tuneletan larrialdi irteerak egin beharko ditu Adifek

Europako legediak behartutako segurtasun baldintza hori gabe egin ditu hainbat tunel Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Orain ekingo dio lanari, baina ez du zehaztu zenbateko gastua ekarriko dion. Bideoa: AHTaren tunelak, 2014an (Ander Gartzia, BerriaTB). [youtube]https://youtu.be/vbdiFLNYjP4[/youtube]

inaki petxarroman
2017ko ekainaren 22a
07:22
Entzun

Duela hiru urte jakinarazi zuen BERRIAk abiadura handiko trenaren (AHT) hainbat tunelek gabezia nabarmen bat zutela segurtasun baldintzei zegokienez. Alegia, larrialdi irteerarik gabe egin zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat tunel, garatzen ari ziren Europako araudiari kasu egin gabe. Tunel horien lanak tramitatu zirenean Europako Trenbideetako Tunelen Segurtasunari buruzko Interoperatibilitateko Zehaztasun Teknikoak (ETI) ez zeudela indarrean argudiatu zuen Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileak, Adifek, orduan, eta ez zuela zertan baldintza hori bete. Gaur, baina, aitortu du segurtasunerako ezinbesteko urrats hori bete egingo duela. Hain zuzen ere, 11 tuneletan egin beharko ditu lan horiek Adifek, prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, 2014ko Europako tuneletako segurtasunari buruzko araudira egokitzeko. Hauek dira tunelak: Udalatx, Induspe, Mendigain, Olabarrie, Ganzelai, Galdakao, Zaratamo, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta eta Tolosa2-Aldabatxiki.

Hain zuzen ere, Adifek aitortu du lan horiek egiteko lur gehiago desjabetu beharko dituela. Ez du zehaztu zenbateko aurrekontua izango duten lan horiek. 

Aipatutako tunel horietako batzuk Eusko Jaurlaritzak egindako Bergara-Astigarraga zatiari dagozkio. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri esan diotenez, obrak bukatuta daudenez eta azpiegituraren jabea Adif denez, hari dagokio beharrezko egokitzapenak egitea.

Larrialdi irteerak egin beharraz gain, ETIk beste baldintza batzuk ere zehazten ditu segurtasun baldintzak bermatzeko. Esate baterako, 300 lagunentzako segurtasun esparru bat egon behar du larrialdi irteerekin lotua. Gune horrek 500 metro koadroko hedadura eduki behar du, eta gutxienez bost metroko errepide batekin egon behar du lotuta. Segurtasun neurri horiek oso garrantzitsuak dira tunel barruan edozein istripu edo ezbehar gertatuko balitz suhiltzaileek eta sorosleek baldintza egokietan jardun ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.