Sexu abusuak

'Ez duzu abusatuko', Euskal Herriko Elizako pederastia kasuei buruzko lehen liburua

Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubio kazetariek ondu dute; 50 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte lana osatzeko, eta hainbat kasu berri ageri dira liburuan.

Astiz, Rubio eta Barandiaran, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2017ko azaroaren 23a
14:32
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute, Donostian, Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan liburua. Elkar argitaletxearen bidez eman dute argitara. Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubio egileek lanari buruzko hainbat argibide eman dituzte, eta onartu dute liburuan hainbat kasuren berri eman arren "ezkutuan" daudela oraindik beste asko. Kasu ezagun hainbaten inguruko testuingurua eman dute ikerketan, eta aurkeztu dituzte hainbat kasu berri ere. Irun, Ibarra, Donostia, Bilbo, Ondarroa... Euskal Herriko kartografiako leku asko ageri dira liburuan, toki horietan jazotako abusuen lekukotasunen bidez. Kasu gehienen atzean "boterekeria" eta "isiltasuna" daudela azaldu dute, baina lortu dutela argitasun apur bat hainbat konturen inguruan. Liburuan, besteak beste, Donostiako apezpiku Jose Inazio Munillari egindako elkarrizketa bat dago. Onartu dituzte, hala ere, eliz hierarkiako arduradunekin mintzatzeko izan dituzten zailtasunak.

Esker oneko hitzak izan dituzte lekukotasuna eman duten guztientzat, eta, bereziki, biktima izan diren horientzat. "Mina oso presente dago liburuan; lotsa ere bai", azaldu du Barandiaranek. Gizarteak, oro har, arazo honi aurre egiteko zailtasunak dituela azaldu du  Astizek, eta hainbat gogoeta bildu dituztela horren inguruan ere. "Gizarte zibilak ere oraindik ez du asmatu kontu hauei aurre egiten". Tentuz neurtu nahi izan dituzte hitzak, bereziki biktimenganako errespetuz. Eta, hein handi batean, haiexen hitzei segika ehundu dute liburuan ageri diren lekukotasunen amarauna. "Ahots asko biltzen dituen lana da", azaldu du Rubiok. "Hari muturrei tiraka egin dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.