Zehazki, 2, 3, 5 eta 6. artikuluak eta lehen bi xedapen iragankorrak dira auzitegiak baliogabetutakoak. Espainiako Gobernuak auzitara eraman zuen fracking-a mugatzeko asmoarekin Eusko Legebiltzarrak onartutako legea. Joan den uztailean onartu zuten araua, eta handik aste gutxira gutun bat bidali zion Madrilek Eusko Jaurlaritzari, helegitea jartzeko asmoaren berri emanez. Bitariko batzorde batean aztertu zuten gaia, baina ez zuten adostasunik egin. Hortaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen gobernuak, eta arrazoia eman diote magistratuek.
PPk berak babestutako lege baten aurkako auzibidea da. EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren botoekin onartu zuten araua; EAJk eta UPDk abstentziora jo zuten. Fracking-ari buruzko legeen aurka lehenago ere jarriak ditu salaketak gobernuak —Nafarroako araua ere salatu zuen—, eta, hori gertatuko zelakoan, Kataluniako legearen ildotik jo zuten —hura ontzat jo zuen auzitegiak—.
Ez zuten zuzenean fracking-a galarazi. Funtsean, teknika hori eragozteko hiru muga ezarri zituzten, Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan oinarrituta: inguruaren ezaugarrietan ez eragitea, akuiferoak kutsatzeko arriskurik ez sortzea eta ingurumen azterketa estrategiko bat egitea.
Espainiaren eskumenak
Espainiako Gobernuaren arabera, ordea, eskumenak urratu ditu Eusko Legebiltzarraren legeak. Ohar hau egin du: "Ingurumen arloa garatzeko eta exekutatzeko eskumenek erkidegoari ez diote ahalmenik ematen estatuaren eskumenak ezerezean uzteko". Argudio horri jarraituta, hiru salaketa gehiago egin ditu gobernuak: Espainiako legeen kontrakoa dela legebiltzarraren araua, aurretik emandako baimenak ere mugatzen dituela, eta itsaspeko gasak arautzen dituela eskumenik gabe.