Bost urtean behin ospatzen da Urrijena jaialdia Iurretan (Bizkaia). Bertan, herriko dantza talde guztiak biltzen dira. 2018. urteko jaialdia, ordea, ezberdina izan zen: lehenengo aldiz neska eta mutilez osatutako talde batek egin zuen salto plazara. Talde hori da, hain zuzen, Jantzari dokumentalaren protagonista. Ospakizun horretan beste belaunaldi batzuetako dantzariekin bildu ziren gazteak, eta horien testigantzak ere biltzen ditu ikus-entzunezkoak. Ez dira falta entseguak, egun horretako prestaketak eta plazan bizi duten emozioa erakusten duten irudiak ere, dantzako adituen azalpenekin tartekatuta.
Anboto komunikabideak, Bideografik ekoiztetxeak eta Iurretako dantzariek elkarlanean egindako proiektua da ikus-entzuezkoa, eta dagoeneko Euskal Herriko 27 aretotan proiektatu da 2020an estreinatu zenetik. Bilboko Cine Invisible jaialdian ere genero ekitatearen saria jaso zuen proiektuak.
Gaurtik aurrera, gainera, Filmin plataforman ere izango da. «Oso pozik gaude dokumentala izaten ari den zabalkundearekin. Euskal Herri osoko aretoetatik eskaintzak heldu zaizkigu. Hainbat elkarte eta eragileren artean gai honen inguruan interesa dagoela sumatu dugu», azaldu du Jone Guenetxea Anbotoko zuzendariak.