36ko gerra

'Jose Azpillaga' izena daraman plaka bat topatu dute Azpeitian

Etxebarrian, berriz, ordezko hortz-hagin batzuk agertu dira, eta bi tokietan gorpu bila ari da Aranzadi.

Aurkitutako plaka. ENEKOITZ ETXEBERRIA, @EETXEBERRIA
2016ko martxoaren 4a
14:25
Entzun

1936ko gerrakoak diren gurutze bat eta plaka bat topatu dituzte Azpeitian (Gipuzkoa), Lasaoko Uresaundi baserriaren ondoan. Plakak Jose Azpillaga izena dauka. Inguruetan gorpua egon daitekeela pentsatuta bilaketa lanetan aritu dira Aranzadi elkartekoak. Izan ere, Jabi Buces Aranzadiko historialariaren arabera, Azpeitiako fusilatuekin osatuta daukaten zerrendan ez da ageri inor izen horrekin, baina, beste herriren batekoa izan daitekeela pentsatu dute.

Azpeitian bakarrik ez, Etxebarriako (Bizkaia) Zelaietaburuko gainean ordezko hortz-haginak agertu dira, eta han ere bilaketak egiten hasi dira Aranzadikoak. "Borrokalari antifrankisten kokapenetako bat" berreskuratzen ari ziren han. Izan ere 1936ko "gerra erremu zabala" dago han, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak jakitera eman duenez. Haiek garbitu eta txukuntzeko lanetan ari dira gertatutakoa ikertu eta gerra lekuak berreskuratzeko asmotan. Horretan ari zirela topatu zituzten ordezko hortz-haginak.

Zelaietaburun San Migel alderako lepoa errepublikarrek erabili zutela dio elkarteak, eta "faxistek akupatu zutenean", Etxebarria aldeko lepoa erabili zutela lubakiak egin eta postu gisara. Hainbat lekukotza ditu Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, historia osatu eta lotzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.