Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera, 2015eko uztailetik abendura bitartean 93.547 euro arteko isunak ezarri ziren; 2016an 325.394 euroraino handitu zen kopurua, eta iaz 470.923 euroraino. Aurten, berriz, urrira arteko tartea kontuan hartuta, 397.109 eurorainoko isunak jarri dira. Alegia, hiru urtean 1,2 milioi euroko kopurua gainditu dela mozal legea baliatuta jarritako isunekin.
Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak egin du salaketa, eta ohartarazi du Zigor Kodean egindako aldaketen helburua dela "protesta baketsua kriminalizatzea eta herritarrak izutzea". Plataformaren arabera, administrazioaren zigor ahalmena handitzen du legeak, baina "beharrezko kontrol neurririk" jarri gabe.