Askekintzak salatu du elkarteko hamabi kideri mozal legea ezarri dietela, iaz Donostiako San Tomas azokan Ursula txerriaren erakustea galarazten saiatzeagatik. Elkarte antiespezistaren arabera, "erresistentzia pasiboz" egindako ekintzan parte hartu zutenei 7.200 euroko isuna jarri diete. Donostiako Udalak sustatu du zigorra, Askekintzak azaldu duenez: "Inpunitate osoz herri mugimenduak erreprimitzen dituztenek, kolpe handi bat eman nahi izan digute". Udalak Eusko Jaurlaritzaren "konplizitatea" izan duela salatu dute.
Halaber, Askekintzak dio elkarteko kideak hainbatetan saiatu direla udalarekin biltzen, "beste espezietako animaliek" hirian pairatzen dituzten egoeren inguruan hitz egiteko: "Entzungor egin digute beti. Udaletxeak eskaintzen zuen bidetik egin ezin zela ikusirik, gure modura egitea erabaki genuen". Antiespezistek salatu dute ezin dela onartu "norbanako bat hamabi orduz erakusketako objektu gisa tratatzea"; mozal legea ezarrita "isilarazi" egin nahi izan dituztela adierazi dute.