Urtebete baino gehiago da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek sortutako mozal legea indarrean sartu zela. Orduz gerotik, Euskal Herrian dozenaka herritarrek jasan dituzte haren ondorioak. Donostian, esaterako, 7.000 eurotik gorako isunak pilatu dituzte azken hilabeteetan. Hori dela eta, eta udalaren babesa lortzeko asmoz, Eleak-Libre plataformak iragarri du mozioa aurkeztuko dutela Donostiako Udalean, Udaltzaingoak legea aplika ez dezala eskatzeko. "Guztionak diren eskubide zibil eta politikoak guztion artean defendatu behar dira. Zigortu dituztenekin bat etorri edo ez", nabarmendu du mugimenduak.
Izan dira lege honen ondorioak jasan dituztenen kasu gehiago ere. Esaterako, joan den abuztuan Ernaik salatu zuen 34 gaztek 21.000 euroko isuna jaso zutela, iazko abenduan euskal presoak etxeratzearen alde Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako protestetan eraikinetara kateatzeagatik.
Apirilera arteko datuen arabera, denera 3.959 zigor ezarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoanmozal legea oinarritzat hartuta. Hala, Ertzaintzak batez beste 61 zigor jartzen ditu astean arau horren babesean. Protesta giroari lotutako ekintzengatik jarritako zigorrek pisu handia dute zerrendan. Gehiago dagozkie, ordea, droga kontsumoari eta armei.
Diru bilketa
Era batera edo bestera, udalak besterik erabaki bitartean, zigortutako gazteek isunak ordaindu beharko dituzte, eta, "lapurtutako dirua" berreskuratzeko, edalontzi eta zapi "solidarioak" salduko ditu Eleak-Libre mugimenduak abenduan.