Sareren manifestazioa

'Salatzen dut' ozen bat

Gaitz larriak dituzten presoak askatzeko eskatu dute Donostian milaka lagunek. "Urgentziazko" egoera dela eta, inplikazio handiagoa eskatu dio Sarek gizarteari. Bideoa: Sareren manifestazioa (Andoni Canellada /Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/Vaft_HRF6UI[/youtube]

Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 16a
11:41
Entzun

Urgentzia, eta inplikazioa. Bi hitz horiekin laburtu liteke atzo, Sarek antolatutako manifestazioan, milaka herritarrek emandako mezua. «Etxean eta bizirik nahi ditugu», adierazi zuen Joseba Azkarraga bozeramaileak, martxa Donostiako Bulebarretik irtetear zela. Labur, baina argi adierazi zuen helburua Ixiar Arteaga eledunak ere: «Gaurko manifestazioarekin, aktibazio ziklo berri bati hasiera emango diogu, alderdiengandik, euskal jendartearengandik eta instituzioetatik inplikazio handiagoa behar dugulako. Gaixo larri dauden presoen gaiak urgentziazko irtenbidea behar du».

17:00ak pasatuta abiatu zen mobilizazioa. Buruan, pankarta: Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Atzetik, lehen ilaran, gaitz larriekin preso dituztenen senideak, Sareren Salatzen dut dinamikako hatz erakusleak, «hatz akusatzaileak» eskuan hartuta, eta ikur horietan presoen izenak zituztela: Ibon Fernandez, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Iñaki Etxeberria, Aitzol Gogorza eta Gorka Fraile. «Non daude gure eskubideak?», galdetu zuten, oihuka, ibilbidean zehar: «Euskal presoak etxera».

Bulebarretik Urbieta kalera, Urdaneta kaletik Foruen pasealekura, eta handik buelta Bulebarrera. Bidearen zati handi bat oihuka egin zuten manifestariek, Salatzen dut dinamikako ikurra eskuan zutela. Han izan ziren, besteak beste, EH Bilduko ordezkaritza zabal bat —Arnaldo Otegi, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Maddalen Iriarte eta Marian Beitialarrangoitia—, eta Elkarrekin Podemoseko Pili Zabala, «herritar gisa». 18:00ak pasatuta iritsi zen manifestazio burua amaierara, eta beste ordu erdi inguru behar izan zuten azkenekoek Bulebarreko errepidean sartzeko. Ekitaldiaren ondoren ere, hatz erakusleak gora jasota jarraitu zuten bidearen amaieran zirenek ere.

«Ez al da hori tortura?»

Urgentziazko deia egin bai, baina atzera begiratzeko tartea ere hartu zuten antolatzaileek bukaerako ekitaldian. Bergarako (Gipuzkoa) alkate ohi eta iazko irailera arte preso egondako Jose Luis Elkorok eta Nerea Elias aurkezleak ekarri zuten gogora 1970eko hamarkadan euskal preso eta iheslarien alde sortutako mugimendua. «Gogoan dut orain dela 40 urte, Bergarako alkate nintzela, nola etorri ziren [Eduardo] Txillida, Iñaki Cacho, Miguel Castells, Felix Soto eta beste batzuk, eta zintzilikatu zuten Bergarako udaletxeko balkoian pankarta bat, askatasuna eskatzeko. Eta jaso zuten erantzuna, herria zutik ipini zen, indartu zen, eta lortu zuen preso guztiak kaleratzea. Zergatik orain ez, orduan egin bazen?».

Gaitz larriekin preso dituztenen egoera tortura gisa definitu zuen Elkorok: «Egunetik egunera berreskuratuko ez duten osasuna galtzen... Ez al da hori tortura fisiko eta psikikoa?». Horri aurka egiteko, «orain 40 urte bezala», Sarek ere «askotariko sentsibilitateko pertsonak» bildu dituela azaldu zuen Eliasek. «Beharrezkoa da herritar askoren parte hartzea. Gaur ere konpromiso handiagoa eskatzen dugu».

Herritarrei, erakundeei eta alderdi politikoei, denei egin zien dei: «Entzun eta senti gaitzatela Madrilen eta Parisen. Gizarte honek ez du onartuko pertsonekin salerosian ibiltzea. Ez diegu onartuko gaitz larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal presoen bizitzekin jolas daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.