10.000 positiboen langa gainditu du Euskal Herriak

Dagoeneko 555 pertsona hil dira, eta sendagiria jasotakoak 2.768 dira

Donostiako erietxeko langileak, txaloka. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 2a
13:25
Entzun

10.022 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko Euskal Herrian. Araban 2.347 kasu baieztatu dituzte; Bizkaian, 3.682; Gipuzkoan, 1.288; eta Nafarroan, 2.682. 

Joera zein den ikuste aldera, nabarmendu daiteke martxoaren 25ean 678 kasu gehiago antzeman zituztela, eta, hurrengo egunean, 663. Azken 24 orduotan jasotako datuetan, ordea, 472 kasu gehiago dira. Kasu gutxiago jasotzeko joera bi egunez agertu da, beraz. Edonola ere, ezin da behin betiko ondoriorik atera; martxoaren 29an eta 30ean are gutxiago izan ziren antzemandako kasu berriak, eta, geroztik, berriz handitu egin da kopurua. Zerraren hortzak dira, beraz, baina jaistekoa da joera orokorra.

Dagoeneko 555 pertsona hil dira, eta 335 zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Denera, 3.087 gaixo daude erietxetan, 1.181 Nafarroan eta 1.906 EAEn. Nafarroako Gobernuak, gainera, etxeko zaintzapean daudenen kopurua ematen du, eta 1.501 dira, haren arabera.

Baina sendagiria jasotakoak ere gero eta gehiago dira: 2.768, horietako 278 Nafarroan eta 2.490 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Arabako erietxetan dago presiorik handiena: Arabako Unibertsitate Ospitaleak ditu gaixo gehien: 318. Hurrengoa Gurutzetakoa da, Bizkaian, bederatzi gaixo gutxirekin. Hirugarrena Basurtukoa da, Bizkaian: 263. Galdakaoko erietxea da hurrengoa, 206 gaixorekin. Donostiako ospitalean 182 pertsona artatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.