ISTRIPUAK

11 hildako urte eta erdian

Pastor
DONOSTIA
2003ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Errepideetako estatistikak marka beltza jarri dio Zuiari. Iaz Araban izandako istripu latzena bertan gertatu zen: sei lagun hil ziren. Atzokoan, beriz, bost izan ziren ezbeharreko biktimak.

Orduan igandea zen, uztailaren14a. 19:15ean Burgoserako bidean zihoan auto batek beste norabiderantz egin zuen eta Bilbora zihoazen beste bi ibilgailu jo zituen. Norabide berean zihoan laugarren auto bat bazterrera joan zen istripua saihesteko. Balantzea: sei hildako eta hiru zauritu. Atzo ere jaieguna zen, hiru jai egunetako lehena, goizaldea. A-68ak Zuiako tartea odolez zipriztindu zuen berriz.Errepideetako estatistikak marka beltza jarri dio abenduaren 6ari ere. 1991ko egun horretan 17 bidaiari hil ziren eta 49 zauritu Bizkaian orain arte izan den auto istripu larrienean. Ezbeharra A-68 autopistan gertatu zen, lainoak eraginda.

Leku arriskutsua

Arabako herri horren ondotik pasatzen den tartea Hego Euskal Herriko gune arriskutsuenen artean dago errepideetako segurtasun arloari dagokionez, haren eta Armiñón arteko bidea batez ere. Ez da hori, baina, leku bakarra: Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eta Nafarroako Garraio Sailaren datuen arabera, guztira arrisku handiko 341 errepide zati daude Hego Euskal Herrian: horietan gertatzen dira istripuen %41,5.

Horri guztiari aurre egiteko errepideetako segurtasun planak garatzen saiatu da Administrazioa. Izan ere, istripuen %60 gidarien hutsek eragiten dituzte, RACV Hegoaldeko auto elkartearen arabera. Errepidearen egoeraren ondorioz ezbeharren %10 baizik ez dira gertatzen.

Atzo Euskal Herriko errepideetan izan zen egun beltzak eguneroko errealitate latza gogorarazteko balio izan du, ohikoa izanik askotan ahaztu egiten den datu tragikoa: bost eta 24 urte arteko gazteen lehen heriotza kausa trafiko istripuak izaten direla. Abenduaren 6an edo beste edozein egunetan; Zuian edo beste edozein herritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.