EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak eginiko galdera bati erantzunez, txirrindulariek izandako istripuen datuak bildu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. 2009tik 2012ra bitartean 11 ziklista hil dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan; lau iaz, hiru 2011n, bat 2010ean eta hiru 2009an. Iaz hil ziren lau txirrindularietatik hiru ibilgailu batek jota zendu ziren; azkena, Iñaki Lejarreta txirrindulari profesionala.
Gainera, 925 txirrindularik izan zuten istripuren bat lau urte horietan: 249k iaz, 266k 2011n, 197k 2010ean eta 213k 2009an. Istripu gehienak (488) martxan zegoen ibilgailu batekin talka eginda izan ziren. 125 ezbeharretan txirrindulariak irauli egin ziren, eta 44tan ibilgailuren batek harrapatu zuen txirrindularia. Bidetik irtenda, 63k izan zuten istripua.
Iñaki Lejarreta txirrindulari profesionala izan da azken biktima. Iazko abenduaren 16an hil zen Iurretan, entrenatzera joan eta auto batek harrapatuta. Omenaldia egin zioten abenduaren 23an hainbat txirrindularik; Bilbotik, Guggenheim inguruetatik abiatu ziren bizikletan, eta Iurretaraino, istripua izan zen lekuraino, joan ziren.