Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo iragarri zuen 12 eta 18 urte bitartekoek txertoa jartzen ahalko dutela ekainaren 15etik goiti. Adin tarte horretakoek Pfizer txertoa hartzen ahalko dute: maiatzaren 28an, Sendagaien Europako Agentziak baimena eman zuen txerto hori 12 eta 15 urte bitarteko gazteei emateko, eta, aurretik, jada oniritzia eman zuen 16 urtetik gorakoentzat. Macronek adierazi du txertaketa kanpaina hedatzearekin «ikastetxe eta ikasgelen itxiera» saihestu nahi duela heldu den sartzerako.
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak zehaztu du gurasoen baimena beharrezkoa izanen dela adingabeentzat, eta txertaketa guneetan hartu beharko dutela ordua. Gainera, segurtatu du ikastetxeetan ez dela «desberdintasunik izanen» txertatuak diren eta txertatuak ez diren gazteen artean.
Frantziako Gobernuko ordezkariak atzo mintzaturik ere, Frantziako Osasunaren Aginte Gorenak goizean eman du bere oniritzia. Argitaratu duten txostenean baieztatu dute «nerabeak txertatzeak abantaila indibidual eta kolektiboak» ekarriko dituela. Hala,Osasunaren Aginte Gorenak bat egin du Sendagaien Europako Agentziak emandako iritziarekin. Halere, Frantziako Gobernuari gomendatu dio lehentasunak ezartzea, eta, lehenik, 12 urtetik gorako pertsona zaurgarriei jartzea txertoa, helduen txertaketa «nahikoa aitzinatzeko».
Maiatzaren hastapenetik 16 urtetik gorako pertsona zaurgarriek har dezakete txertoa Iparraldean. Iragan astelehenetik, berriz, heldu guziei ireki zaie txertaketa.