Koronabirusa

12 urtez gorakoen txertaketa hilaren 15ean hasiko dute Iparraldean

Pfizerren txertoa hartuko dute, gurasoen baimenaz. Nafarroan kalkulatu dute 40 urteko denek izango dutela lehen dosia uztail hasierarako

Erizain bat txertoaren dosi bat prestatzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko txertaketa kanpainak nerabe eta heldu gazteak jarri ditu jomugan: 18 urtetik gorako herritar orok du txertaketarako ordua hartzeko eskubidea. Orain, are gehiago zabalduko dute adin tartea, 12 eta 18 urte artekoen kanpaina abiatuko baitute ekainaren 15etik aurrera. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak jakinarazi duenez, adin tarte horretako herritarrek Pfizer etxearen dosiak hartu ahal izango dituzte, horretarako gurasoen baimena izan beharko badute ere. Bestalde, ordua txertaketa guneetan bertan hartu beharko dutela zehaztu du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak.

Macronek eta Veranek iragarri, eta Frantziako Osasunaren Aginte Gorenak berretsi du erabakia. Izan ere, erakundearen hitzetan, nerabeak txertatzeak «abantaila indibidual eta kolektiboak» ditu.

Hain zuzen ere, nerabeen txertaketaren gaineko eztabaida mahai gainean egon da azkenaldian. Adin tarte hain gazteetan txertoek izan dezaketen eraginkortasunak zalantzak piztu ditu, eta, hain justu, maiatzaren 28ra arte ez zuen onartu EMA Sendagaien Europako Agentziak Pfizer etxearen dosiak 12 eta 15 urte bitarteko gazteei ematea. Etxe horretako txertoak baimendu ditu oraingoz, bera izan baita eskaera egin duena. Dena den,jada oniritzia eman zuen 16 urtetik gorakoentzat. Beste eztabaidarik ere piztu du, ordea, nerabeen txertaketak: auzi etikoekin lotutakoa.

Adingabeak txertatzea lehenesteak sortu ditu kezkak, eta, hain zuzen ere, ildo horretatik gomendatu dio gobernuari Frantziako Osasun Aginte Gorenak lehentasunak ezartzeko:txertoa lehenik 12 urtetik gorako pertsona zaurgarriei jartzeko iradoki dio, helduen txertaketa «nahikoa aitzinatzeko». Frantziako erakundeak ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zerbitzuak egindako adierazpenen bide bera hartu du, horrek ere adinekoak nerabeen aurretik lehenestea gomendatu baitu, haur eta nerabeen artean COVID-19a «leuna» izan ohi dela argudiatuta. Dena den, arrisku faktoreak dituzten nerabeen txertaketa onetsi du.

Gobernuak, berriz, azaldu du «ikastetxe eta ikasgelen itxiera» saihesteko erabaki duela txertaketa kanpaina adingabeetara zabaltzea. Hala ere, Veranek segurtatu du ikastetxeetan ez dela «desberdintasunik izanen» txertatuak diren eta txertatuak ez diren gazteen artean.

Ipar Euskal Herriko txertaketa plangintza da aurreratuen dagoena Euskal Herrian. Izan ere, maiatzaren hastapenetik 16 urtetik gorako pertsona zaurgarriek har dezakete txertoa Iparraldean. Iragan astelehenetik, berriz, heldu guziei ireki zaie txertaketa.

Hegoaldean, udara begira

Hego Euskal Herrian, bestelakoa da egoera.Txertaketaren erritmoa motelagoa da Iparraldean baino; baina, hala ere, itxaropentsu mintzatu dira agintariak. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak atzoko parlamentuko osoko bilkuran adierazitakoaren arabera, uztailaren hastapenetarako 40 urtetik gorako biztanle guztiek txertoaren lehen dosia hartuko dutela aurreikusi du. Horrela udarako «biztanleria zaurgarriaren immunitate oso handia» izango dutela azaldu du.

Egun, adin tarte horretako jendeari txertorako ordua eskaintzen dabil Nafarroako Gobernua, eta datorren astelehenerako aurreikusi du lehenbiziko dosiak jartzen hastea. Bestalde, Indurainek gogorarazi du txertoa jartzeko adinean dauden herritarren erdiek dosi bat hartu dutela. Erritmo onean doa txertaketa, Indurainen ustez, batez ere ekainean txertoen banaketa eta kudeaketa «ezin hobea» izaten ari dela adierazi baitu: hain zuzen ere, jasotako dosien %95eman dituzte. Asteazkenean, esate baterako, inoiz jarritako dosi gehien jarri zutela jakinarazi du, eta bide horretan segitu nahi dutela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere 40 eta 49 urte artekoen txertaketa datorren astean hastea du asmoa, horretarako behar beste dosi eskuratzen badituzte. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteon egindako adierazpenetan jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 eta 59 urte arteko herritarren %60k lehen dosia hartua dutela jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.