Hizkuntz normalizazioa

122 herritara eta 1.500 enpresatara hedatu dira Kontseiluaren planak 10 urtean

Urteko batzar nagusia egin du Bidarten (Lapurdi) euskararen gizarte erakundeak biltzen dituen elkarteak, eta, besteak beste, 10 urteko ibilbidea izan du aztergai. 'Bai euskarari' esatetik 'Euskaraz bai' aldarrikatzera igaroko direla iragarri du Mendiguren idazkari nagusiak, euskarak "ikastea eta erabiltzea" behar duela nabarmentzeko.

2008ko apirilaren 19a
18:57
Entzun
Urteko batzar nagusia egin du Euskararen Gizarte Kontseiluak Bidarten (Lapurdi), eta ohikotan bezala, urteko balantzea eta kudeaketa plana onartu dituzte bazkideek. Aurtengoa, ordea, arrunt berezia izan da, 10 urte betetzen baititu Kontseiluak, eta urteurren hori ospatzeko ekimenen berri jaso baitute bazkideek.

Lehendabizi, balantzea aurkeztu dute kudeatzaileek eta aho batez onartu dute bazkideek. Ondoren, kudeaketa planaren txanda iritsi da, eta horretan leku berezia izan du hamargarren urteurrenak; besteak beste, abenduaren 13 Barakaldon (Bizkaia), BECen, ekitaldia jendetsua egiteko asmoa dutela iragarri dute.

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusai pozik agertu da gaurko batzarrarekin zein hamar urteko ibilbidearekin: "Une honetan Euskal Herriko 122 herritan ari gara lanean, eta 1.500 enpresatara hedatu dugu gure Bai Euskarari ziurtagiria", laburbildu du.

Hamargarren urteurrenaren harira, Bai Euskarari lelotik Euskaraz bai-era igaroko direla iragarri du: "Nik gaurko batzar honetan ikusten dudana da beste aro baten atarian gaudela. Orain arte =i Bai Euskarari esaten genuen, eta hemendik aurrera Euskaraz bai azpimarratuko dugu, bestea baztertu gabe. Uste baitugu euskarak atxikimenduak eta aldekotasunak baino gehiago ikastea eta erabiltzea behar dituela".

BECeko abenduko ekitaldiaz gain, hainbat herritan erakusketak egingo dituzte Kontseiluaren 10 urteko ibilbidearen nondik norakoak erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.