Europako Batasuneko populazioaren %24,5 pobrezian edo bazterketan erortzeko arriskuan dago. Alegia, lau lagunetik bat. Guztira, 122 milioi lagun batasuneko 28 herrialdeetan. Datua Eurostatek jakinarazi du gaur goizean. Kopuru orokorra hiru hamarren jaitsi da 2012rekin alderatuz, baina 2008. urtekoa baino handiagoa da oraindik.
Bost herrialdetan populazioaren herena baino gehiago dago pobrezia arriskuan: Bulgaria (%48), Errumania (%40,4), Grezia (%35,7), Letonia (%35,1) eta Hungaria (%33,5). Kontrako aldean, ehunekorik txikienak lau herrialdek dituzte: Txekiar Errepublika (%14,6), Herbehereak (%15,9), Finlandia (%16), eta Suedia (%16,4).
Pobrezia edo bazterketa arriskua eragiten duten hiru elementu neurtu ditu Eurostatek. Hala, populazioaren %17k diru sarrera eskasei lotutako pobrezia arriskua dute. Beste %10ek baliabide materialen gabezia larria dute. Esaterako, fakturak ordaintzeko edo etxea berotzeko behar adina dirurik ez du. Azkenik, %11 lan intentsitate txikia duten familietan bizi dira. Horrek esan nahi du familia horietan helduek lanaldi osoaren %20ren azpitik lan egiten dutela.