UDALBILTZA

1.227 atxikimendu jaso ditu Udalbiltzak, erakundea berriz osatzeko batzarraren atarian

Udalbiltzaren talde sustatzaileko kideek gaur azaldu dutenez, hemeretzi kideko zuzendaritza bat proposatuko dute larunbatean. Gainera, erakundearen lehentasunak lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, lurralde egituraketa eta nazioarteko harremanak sustatzea izatea proposatuko dute. [YouTube]http://youtu.be/GfZE8SWdqCs[/YouTube]

Berria.info
2013ko otsailaren 26a
12:38
Entzun

Datorren larunbatean egingo dute Udalbiltza berrantolatzeko batzarra, eta gaur eman du talde sustatzaileak larunbateko batzarreko hainbat xehetasunen berri. Maite Iturre talde sustatzaileko kideak jakinarazi duenez, 1.227 hautetsiren atxikimendua jaso dute dagoeneko, eta erakundearekin bat egiten jarraitzera deitu ditu "Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsiak". Orain arteko atxikimenduekin, Euskal Herriko 685 udalen erdiek izango lukete ordezkariren bat Udalbiltza berrian.

Iturrek azaldu duenez, Euskal Herriari buruz egin duten azterketa bat aurkeztuko dute lehenik, hautetsien ekarpenekin osatua, eta eragileekin izandako harremanen berri emango dute ondoren. Gainera, Udalbiltzaren lehentasunak izateko hainbat puntu ere proposatu eta bozkatuko dituzte larunbateko batzarrean: besteak beste, lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, lurralde egituraketa eta nazioarteko harremanak sustatzea izango dira horiek. Hain justu, 1999an Udalbiltzaren sorreran ezarritako bost printzipioetan dute oinarria larunbatean proposatuko dituzten lehentasun horiek.

Halaber, Iturrek adierazi du hemeretzi kidez osatutako zuzendaritza bat proposatuko dutela. Horretarako, irizpide ugari aintzat hartuko dituzte, hala nola zazpi lurraldeak ordezkatuta egotea, alderdi anitzetakoak izatea, generoa eta hizkuntza. Zuzendaritza bozkatuta, lehendakari berriak itxiko du batzarra hitzaldi batekin, Udalbiltzako lehendakari ohi Loren Arkotxaren eta Udalbiltza-Udalbideko lehendakariorde Jesus Mari Agirrezabalari lekukoa hartuta.

"Euskal Herria eraikitzen" jarraitzeko deia

1999ko irailean sortu zuten Udalbiltza Bilboko Euskalduna Jauregian egindako batzarrean, baina 2003an haren aurka jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak polizia operazio baten bidez. Ia zortzi urteren ondoren, absolbitu egin zituzten auzipetu guztiak, eta joan den ekainean Udalbiltza berrantolatzeko deia egin zuten Iruñean. Geroztik, hamazazpi kideko talde sustatzailea aritu da hautetsiekin harremanetan.

Aurrerantzean ere erakunde guztiekin harremanetan jarraitzeko borondatea agertu dute talde sustatzaileko kideek, Euskal Herria erakundeetatik egituratzen jarraitzeko. "Denon artean jarraitu behar dugu Euskal Herria eraikitzen", nabarmendu du Iturrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.