Ohar baten bidez, EAJko Gipuzko Buru Batzarrak adierazi du Zubietako errauste plantako lanak bertan behera uzteko erabakia "aldebakarrekotasunez" hartu duela Bilduk. EAJk azaldu du kalte-ordainetan 64 milioi euro ordaindu beharko dizkietela planta egitekoak ziren enpresei, eta "energia garbia sortzeagatik ematen diren sariak, 60 milioi eurotik gora" gaineratu behar zaizkiola kopuru horri.
"Hondakinen kudeaketari emandako irtenbidea deuseztatzeagatik" 124 milioi euro pagatzea "asko" dela esan du EAJk; "euren erabakien, erabaki ezen eta gelditasunaren ondorioak gipuzkoarrok ordainduko ditugu", erantsi du.
Herrialdeko zabortegiak ixteko urte eta erdi falta dela ohartarazi du GBBk, eta kritikatu "foru arauan jasotako proiektuaren alternatibarik" ez dagoela. "Atez atekoaren inposiziora eta kaosera darama Bilduren nora ezak", azaldu du.