Ikuskari talde horrek departamenduaren ardurapean egingo du lan, eta ez da Osalanen egituran sartuko. 2003-2006 planean hamar ikuskari eta urtero 550.000 euroko aurrekontua beharko zirela aurreikusi zen. Hasteko, behintzat, horren erdia izango da. Kontrolatuko dituzten esparruei dagokienez, Hezkuntza, Osakidetza, Justizia, udal langileak, Ertzaintza eta administrazio orokorra aintzat hartuta, 65.000 langile daude, gutxi gora behera, eta beste 60.000 inguru kooperatibetan ari dira.
Joseba Azkarraga Lan sailburuak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, aurten laneko ezbeharrei aurre egiteko egin diren plan eta kanpainen berri emateko. Istripuen inguruko datuez gain, arriskuen kontrola areagotzeko hartuko dituzten zenbait neurri aurreratu zituen.
Gernikako Estatutuaren arabera, Lan Ikuskaritzaren funtzioak betearazteko eskumena du EAEk. Haatik, eskuduntza ez denez artean eskualdatu, ikuskaritzak bi administrazioren dependentzia du: Jaurlaritzatik funtzionala, eta organikoa Espainiako administraziotik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 53 ikuskari daude. Lan Sailak berak behin baino gehiagotan nabarmendu du giza baliabide eskasak direla.
Gabezi hori zuzentzeko asmoz, Osalaneko beste 16 teknikariren funtzioak zabaltzea onartuko da gaurko dekretuaren bidez, aurrerantzean ikuskatzeko funtzioa ere bete ditzaten. Hain zuzen ere, teknikari horien txostenei «egiatasun printzipioa» aitortuko zaie. Alegia, arau-hauste aktak eta isunak ezartzea Lan Ikuskaritzaren esku jarraituko du, baina Osalaneko teknikarien txostenean oinarritzea posible izango dute, orain arte gertatzen ez zena. «Ez dagokigun lana egingo dugu, erantzunkizunez jokatzeko eta beste batzuk ez dutelako egiten», argudiatu zuen sailburuak, ikuskatzaile kopurua txikiari erreferentzia eginez.
Teknikarien funtzio aldaketa kritikatu dute dagoeneko ELAk eta LABek. Dekretuari buruz Lan Harremanetarako Kontseiluan egindako ekarpenean bi sindikatuek ikuskaritzaren «eskualdaketa osoa» exijitzeko bat egin zuten. Dekretu proiektua errefusatudute, eta giza baliabideen eta bitarteko materialen hazkunde errealik gabe, «ekimen antzua» izateko arriskua dagoela uste dute. CCOOk eta UGTk, nahiz eta aukeratu den sistema onena ez dela onartu, balekotzat jo dute erabakia. Confebask patronalak, aldiz, Osalaneko teknikariei ikuskatzaile funtzioak ematea «erabat desegokia» dela ohartarazi du.
Istripu hilgarriek eta larriek gora egin dute kontrolatutako enpresetan
Eraikuntzan eta Industrian zenbait kanpaina egin ditu Lan Sailak aurten, laneko ezbeharrei aurre egiteko asmoz. Industriari dagokionez, 2004. urtean istripuen %60 izan zuten enpresak ikuskatzeari ekin zion departamenduak Osalenen bidez, 1.214 guztira. Oro har, istripuen kopurua jaitsi egin zen, baina larriek eta hilgarriek gora egin zuten. Heriotzak iaz bi izatetik aurten zortzi izatera igaro dira. Metalurgia, metalezko produktuen fabrikatzea, eta makineria eta ekipo metalikoen ekoizpenean ari diren lantokiak kontrolatzen dira multzo horretan.Lan Ikuskaritzari 17 txosten igorri zitzaizkion, baina ikuskatzaileek bi arau-hausteko akta baino ez zituzten egin, eta isun proposamenak 4.500 eurora mugatu ziren. Bestalde, Osalanek bisitatu zituen enpresen %71k tresneria egokitu gabe zuen, eta %27,84k higiene-arriskuak zituen.
Eraikuntzan bi adar izan ditu sailaren jarduerak. Alde batetik, teknikariek urte osoan egiten dituzten bisitak daude. Atal horretan obretako %30ek «segurtasun arrisku larriak» zituztela azpimarratu zuen Joseba Azkarraga Lan sailburuak. 11 arau-hausteko akta eta 42.000 euroko zigor eskaerak egin zituen Lan Ikuskaritzak, Osalanen txostenen harira.
Maiatzaren 15etik ekainaren 15era eginiko kanpaina berezian arazo gehiago aurkitu zituzten. Hain zuzen ere, 38 obra geldiarazi zituzten, eta 133 akta bete zituen Ikuskaritzak. Guztira, 550.000 euroko zigor eskaerak egin ziren ustekabeko bisita horien ondorioz.