Europako Batzordeak ohartarazi dio Espainiako Gobernuari artean ez diola nahiko informaziorik eman 'tax lease' sistemaren bidez emandako legez kanpoko laguntzei buruz. Asteazkenean, Industria Ministerioak jakinarazi zion 126 milioi berreskuratu beharko zituela. Ontzigintza finantzatu zuten enpresa handi batzuek itzuli behar dute diru hori.
«Berreskuratu beharrekoa kalkulatzeko modu bat» igorri dio Espainiak, eta baliogarria ote den ari dira neurtzen EBko teknikariak, Antoine Colombani Lehia komisarioaren bozeramaileak azaldu duenez. Colombanik gogorarazi du Bruselak ez duela inoiz kopururik aipatu, eta epaiaren aurretik aipatzen ziren kopuru handiak (2.000 milioi) Espainiako Gobernuak berak emandakoak zirela. Azken kopurua zehaztu ahal izateko kasu guztiak banan-bana aztertu beharko dituztela esan dute Espainiako Ogasun Ministerioko iturriek.
Ontzigintza sektoreak eskatu dio Madrili ahal bezain pronto berreskuratu dezala dirua, hartara auzia itxi eta kontratu berriak lortzeko beharrezkoa den ziurtasun juridikoa izateko.
Joan den uztailaren 17an erabaki zuen EBk ontzigintzari emandako tax lease laguntzak legez kanpokoak zirela, eta dirua berreskuratzeko agindu zion Espainiari. 2007tik 2011ra emandakoak jo zituen legez kanpokotzat, eta ez 2002tik aurrera emandako guztiak. Horrek itzuli beharreko faktura txikitu du.