%6,7 pertsona gutxiago hil ziren iaz Euskal Herriko errepideetan 2006an baino. 139 lagun zendu ziren 2007an, aurreko urtean baino hamar lagun gutxiago.
Azken urteetan gertatu izan den legez, Nafarroan hil ziren pertsona gehien errepide istripuz: 48. Gipuzkoan 34 hil ziren, Bizkaian 29, Araban 22, Lapurdin bost, eta Nafarroa Beherean bat. Zuberoan ez zen inor hil.
Azken urteotako joerari eutsi bazaio ere, moteltzen ari da errepide istripuz hil diren lagunen beherakada. 2000. urtean 366 lagun hil ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan errepide istripuz, alegia, 2007an baino %63,6 gehiago. Nolanahi ere, gutxienez hamarkada batean euskal errepideetan hil diren pertsonen kopururik txikiena da 2007koa.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak oso balorazio baikorra egin dute datuen inguruan, eta Gobernu bakoitzak alor horretan hartutako neurriak aipatu dituzte biktimen murrizketaren arrazoi moduan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi du Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoak eragin dituela emaitza positiboak. Haien bidez, besteak beste, 300 bat zaintza ekintza egin dituzte, azpiegiturak hobetu, eta kontzientziatze kanpainak sustatu. Eusko Jaurlaritzak dioenez, horrek denak eragina izan du gidariengan, eta gidatzeko ohitura «seguruagoak» aridira nagusitzen euren artean.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Andoni Arriolak berriki Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, oraindik ere gehiegizko abiadura da istripu gehien eragiten dituen faktorea. Hala eta guztiz ere, horretan ere aldatzen ari da gidarien ohitura, Jaurlaritzaren arabera. Hala, ibilgailuen abiadura 10-12 kilometro orduko txikiagoa da, batez beste. Halaber, hainbat gunetan gehienezko abiadura gainditzen zuten autoen kopurua erdira murriztu dela nabarmendu du Trafiko Zuzendaritzak.
Nafarroan %12,7 murriztu da errepideetan hil direnen kopurua. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamenduak nabarmendu du gainditu dela iazko Gobernuak jarritako %10eko helburua. Javier Caballero kontseilariak azpimarratu du Nafarroak gainditu duela jadanik Europako Batasunak 2010erako jarritako helburua, alegia, hildakoen kopurua %50 baino gehiago murriztea 2000. urteko datuekin alderatuta. Dagoeneko %59,3 txikiagoa da 2007an hil direnen kopurua.
Hurrengo urteari begira, hala ere, bide beretik jarraitzeko apustua egin du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, hiru lan eremu lehenetsi ditu: herrietako tokiko segurtasun planak idaztea, aurten Caparroson egin den esperientziari jarraiki; lan orduetan izaten diren zirkulazio istripuak ahalik eta gehien murriztea, sindikatu eta gizarte eragileekin adostutakoekintzak ardatz hartuta; eta bide segurtasunari buruzko heziketa lantzea ikastetxeetan, eta kontzientziatzea lantzea hainbat udalerritan.
Nafarroako Gobernuak ere gogoratu du bide azpiegituretan egindako hobekuntzek zerikusia izan dutela hildako kopuruaren murrizketan. Ildo horretan, azken hamarkadan 93 gune beltz «ezabatu» dituela adierazi du Nafarroako Gobernuak, horietako zortzi azken urtean. Alde horretatik, gogoratu du AP-15era N-121 errepideko ibilgailu asko aldatzea lortu duela, garai batean errepide horretan izaten zen heriotza tasa handia murriztuz.
Halaber, motozaleak babesteko sistemak ezartzeko ia milioi bat euro inbertitu dituela adierazi du Gobernuak. Aldi berean, trenbide pasagune ugari kendu dituela gogoratu du. 1999. urtean 46 pasagune zeuden Nafarroan, eta orain zortzi besterik ez.
ZIGOR KODEAREN ALDAKETA. Hego Euskal Herrian 2006ko uztailean indarrean jarritako puntukako gidabaimenak eta 2007ko abenduaren 2an ezarritako Trafikoaren Zigor Kodeak ere biktimen kopurua apaltzeko eragin ona izan dutela uste du Eusko Jaurlaritzak.
Zigor kode berriarekin kartzelaz zigortuko da modu arriskutsuan gidatzea. Hala, autobian baimendutakoa baino 80 kilometro orduko abiadura handiagoan gidatuz gero, kartzela zigorra jaso daiteke. Gauza bera, hirigunean baimendutakoa 60 kilometro orduko gaindituz gero.
Aldi berean, alkoholemia kontrol batean litroko 0,50 miligramoko muga gainditzen dutenei ere kartzela zigorra ezar dakieke.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Andoni Arriolak adierazi du puntukako gidabaimena indarrean jartzeak uste baino eragin handiagoa izan duela biktima kopurua murrizteko. Hala ere, benetako balioa neurtzeko denbora gehiago beharko dela uste du, beste neurri batzuekin osatu eta gero-gidatzeko ohiturak aldatzea, eta azpiegituren hobetzea, esaterako-.
Aldi berean, arriskuz gidatzen dutenei kartzela zigorra ezarri ahal izateak gizarte osoan kontzientziatze eragin ona duela uste du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.
GUNE BELTZAK. Urtero bezala, hainbat errepide toki beltz bilakatu ziren gidarientzat. Horietako bat izan zen N-1 errepidea, Arabako zatian. Errepide horretan zazpi pertsona hil ziren 2007an. AP-68an, Bizkaiko zatian ere, biktima kopuru bera izan zen. Nafarroan bost lagun hil ziren AP-15ean, eta N-121 eta N-121A artean beste sei lagun.
Bestalde, harrapaketa kopuru handia izan zen iaz Euskal Herriko herri eta hirietan. Gutxienez 22 lagun hil ziren oinez edo bizikletaz zihoazela autoek harrapatuta. Nolanahi ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriguneetan hiltzen diren pertsonen estatistika ez du eramaten Eusko Jaurlaritzak, eta horrek zaildu egiten du biktima horiek zenbatzea.
139 lagun hil ziren iaz errepideetan, 2006an baino hamar gutxiago
2000. urtetik hona ia bi heren gutxiago dira Hego Euskal Herrian istripuz hil diren lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu