Oro har,istripuetan hildakoen kopurua murriztu egin den arren, Gipuzkoan gora egin du. 2005ean 29 pertsona hil ziren herrialde horretan eta 35, aldiz, iaz. Araban, 22 pertsona hil ziren, 29 Bizkaian eta 56 Nafarroan.Herrialde horretan izan dira datu baikorrenak, 2005ean 87 pertsona hil baitziren. 31 lagun gutxiago hil ziren, beraz, 2006an; %35 gutxiago.
Hildakoak egon diren istripuen kopuruari dagokionez, 20 jazo dira Araban, 26 Bizkaian, 33Gipuzkoan eta 54 Nafarroan. Heriotza gehien gertatu diren errepideak honako hauek izan dira: N-1, Araban (5 istripu eta 6 hildako); A-8 autobidea, Bizkaian (4 istripu eta 5 hildako); eta N-634, Gipuzkoan (6 istripu eta 6 hildako), eta NA-134 Nafarroan (8 hildako).
Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren eta Guardia Zibilarenpresentzia handiagoari egotzi dio errepide istripuetan hildako jende kopuruaren murriztea. Horrez gain, puntukako gidabaimenak ere eragina izan duela nabarmendu du.Iazko uztailaren 1ean jarri zen indarreanpuntukako gidabaimena, udako irteera operazioan eragina izateko asmoarekin, hain zuzen ere. Abuztuan dezente nabaritu zen puntukako gidabaimenaren eragina. 2005an 12 hildako izan ziren, eta 4 hildako, berriz, iaz. Juan Ramon Rabade Nafarroako Gobernuko Barne Saileko zuzendariak azaldu duenez, puntukako gidabaimenaren eraginez %17 jaitsi da auto istripuen ondorioz hildakoen kopurua: «Ez da hildakoen kopurua jaitsi izanaren arrazoi bakarra, baina bai garrantzitsua. Ez da kasualitatea izan».
Eusko Jaurlaritzak ez du puntukako gidabaimenak izan duen eraginaren inguruko daturik eman. Halere, uztaila eta abuztuan izan zuen eraginaren berri eman zuen bere garaian. 2006ko bi hilabete horietan erdira jaitsi zen 2005ean hildakoen kopurua.
BI HILDAKO ERRIBERAGOITIAN. AP-68 autobidean istripua izan zuen atzo auto batek, Erriberagoitian (Araba). Istripua 18:55ean jazo zen autobideko 69. kilometroan. Autoak su hartu eta barruan zeuden bi lagunak hil egin ziren, Ertzaintzak adierazi zuenez. Bestetik, igande gauean bi auto istripu izan ziren eta lau lagun zauritu ziren.Ortuellan (Bizkaia) gertatu zen istripu horietako bat, A-8 autobidean . Hiru autok elkar jo zuten eta hiru lagun zauritu ziren. Beste istripua Amurrion (Araba) gertatu zen, A-625 errepidean.Autoairauli eta gidaria zauritu zen.
NAFARROAKO DATUAK
Egunak. Nafarroako errepideetan hildakoak eragin zituzten istripuen %60, 54tik 34, asteburuetan gertatu ziren. 17 larunbatetan, 9 ostiraletan eta 8 igandeetan. Asteazkena izan zen hildako gutxien izan zituen eguna: 3 pertsona hil ziren.
Orduak. Goizeko 06:00ak eta 09:00ak bitartean izan ziren hildakoak eragin zituzten istripu gehienak, 7 orotara.
Adinak. 2006an hildakoetatik 3 ziren 18 urtetik beherakoak; 22 ziren 18 eta 35 urte bitartekoak; 7 ziren 36 eta 45 artekoak, eta gainerakoak 46 urtetik gorakoak. Hildako pertsona gazteena 16 urtekoa izan zen, eta helduenak 86 urte zituen.
Autoek harrapatutakoak. 7 oinezko hil ziren auto batek harrapaturik. Horietako gehienak 71 eta 80 urte bitartekoak ziren. Gainera, txirrinduan zihoazen bi lagun eta motorrean zihoan beste bat ere hil ziren auto batek harrapaturik. Orotara, 10 lagun hil ziren autoak harrapaturik Nafarroan, 2006an.
Segurtasuna irabazteko
ikastaroakPuntukako gidabaimena ezarri zenetik, Iruñeko Mariezkurrena autoeskolak egin ditu puntuak berreskuratzeko lehen saioak.
EDURNE ELIZONDO
Iruñea
Zatikakoak, edo osoak. Halakoak dira puntuak berreskuratzeko ikastaroak, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak zehaztu duenez. Zatikakoen artean, Iruñeko Mariezkurrena autoeskolak egin zuen abenduaren hasieran gidabaimen berria indarrean dagoenetik lehengoa. Lau puntu berreskuratzeko aukera izan zuten lau parte-hartzaileek. Zortzi puntu berreskuratzeko ikastaro osoa egitekoa zen abenduan, halaber, baina oraingoz atzeratu dute, puntu guztiak galdu dituzten gidariek jakinarazpen ofiziala jaso arte.
Lau edo zortzi puntu berreskuratzea helburu, ikastaroen mamia berbera da: errepideetako segurtasunaren inguruko gaiak, psikologoarekin saioa, eta parte-hartzaileekin banakako saioak. Ikastaroa lau puntu irabazteko bada, zazpi ordu eskaintzen zaizkio teoriari, bat psikologoarekin egin beharreko saioari, eta lau gidari bakoitzaren egoera eta puntuak galtzeko arrazoiak aztertzeko. Ikastaroaren helburua zortzi puntu berreskuratzea bada, atal bakoitzaren denbora bikoiztu egiten da. Asteburu bakar batean egin beharrean, bitan egiten da.
Abenduaren hasierako ikastaroko partehartzaile guztiek jaso zuten proba gainditutzat jotzen zuen ziurtagiria. «Jarrera ona izan zuten denek; hori garrantzitsua da», azaldu du Mariezkurrena autoeskolako irakasle Jesus Zubirik. Gidarien erantzuna ontzat jotzen ez badute, ziurtagiria ukatzeko eskumena dute autoeskolek, hain zuzen ere. Ikastaroa osoa denean, proba zehatz bat gainditu behar dute parte-hartzaileek. Hirutan huts eginez gero, berriz egin behar dute ikastaro osoa.
Urte osoko ikastaroen egutegia zehaztu behar du laster Mariezkurrenak. Lau puntu irabaztekoak hilean behin egiten dira; zortzi puntu irabaztekoak, berriz, bi hilean behin. Bi urtean behin baino ez du gidari batek halako bat egiteko eskubidea.
ISTRIPUEN ONDORIOAK ZUZENEAN EZAGUTZEKO AUKERA.Psikologoarekin egin beharreko saioaren ordez, auto istripu baten ondorioz elbarri gelditu zen gizon batekin solasean aritu ziren abenduko ikastaroko partehartzaileak. «Zuzenean azaldu zizkien istripuek izan ditzaketen ondorioak; lanean, etxean dituen zailtasunei buruz mintzatu zitzaien, eta haren azalpenek eragin nabarmena izan zuten gidarien artean», erran du Zubirik.
Parte-hartzaileek errepidean duten jarrera aldatzea da ikastaroen helburua, gaineratu duenez. «Puntukako gidabaimena ematen dizunean, bere konfiantza eskaintzen dizu gizarteak. Puntu horiek galduz gero, konfiantza hori berreskuratu behar du gidariak», azaldu du irakasleak.
Nafarroan jendea zain dago jada ikastaroak egiteko, Zubirik ezagutarazi duenez. «Askok isuna dute jada, baina Trafiko Zuzendaritzan oraindik ez da ageri haien egoera zein den. Erakunde horren agiria jaso arte ezin dute ikastaroa egin», argitu du Mariezkurrenako kideak.
Egin ondoren, eta, gaindituz gero, Trafiko Zuzendaritzara igortzen die autoeskolak proben emaitzak, puntuak gidariari itzuli ahal izateko.
«Konfiantza ematen dio gizarteak gidariari; puntuak galduz gero, konfiantza hori berreskuratubehar du»
jesus zubiri
Mariezkurrena autoeskolako irakaslea