Tartakaden auzia

14.400 euroko isuna ezarri diote Julio Villanuevari, espetxean ez sartzeko

AHTaren aurkako mugimendua kriminalizatzeko saiotzat jo du isuna Mugituko kideen babes taldeak.

Villanuevari jarri dioten isuna salatzeko agerraldia. ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2015eko uztailaren 16a
08:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du kontuan hartu Mugituko kideen defentsak aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, haien kontrako espetxe zigorra irmoa da. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari hiru tartakada eman zizkioten, 2011ko urrian, Okzitaniako Tolosan. Hiru kideri bi urteko espetxe zigorra ezarri zieten, eta 900 euroko isuna; laugarrenari, berriz, beharrezko laguntzaile izateagatik, urtebetekoa, eta 300 euroko isuna. Isunak ordaindu dituzte, bai eta epaiketaren kostuak ere. Hori egin eta gero, espetxe zigorra ez betetzea eskatu zuen Mugituko kideen abokatuak.

Onartu egin zuten eskaera, baina bakarrik hiruren kasuan. Julio Villanuevak zigor aurrekariak dituela erran du fiskalak, eta, ondorioz, zigorra bertan behera ez uztea erabaki du haren kasuan. Abokatuak isuna ordaintzeko aukera jarri du mahai gainean, kartzelara ez joatea lortzeko asmoz. Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat jo du aukera hori, eta 14.400 euroko isuna jarri dio Villanuevari. Ordaindu beharko du, espetxean ez sartzeko.

2009. urtean Urbinan (Araba) AHTaren aurkako protesta baten harira gertatutakoen ondorioz ditu Villanuevak zigor aurrekariak. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien aldi hartan AHTaren aurka protesta egiten ari zirenei. Villanueva atxilotu, eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten.

Prozesu osoak abiadura handiko trenaren aurkako mugimendua kriminalizatu nahi izan duela salatu du Mugituko kideen babes taldeko kide Hedoi Etxartek. Elkartasunera deitu du, Villanuevaren isuna ordaindu ahal izateko. Mugituko kideen webgunean jarriko dute informazioa, lagundu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.