145 kasu atzeman dituzte Bizkaian azken orduetan

Hego Euskal Herrian 265 kasu izan dira guztira.

Herritarrak Bilbon, maskara jantzita. MARISOL RAMIREZ/FOKU
2020ko uztailaren 30a
13:06
Entzun

Azken orduetan 265 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: alarma egoera kendu zenetik detektatu den kopururik handiena. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ordea, ez du uste egoera larria denik: "Azken egunetako intzidentzia egonkortzen ari dela dirudi, baina gaurkoaren moduko zerra hortzak daude".  Kasuen erdiak baino gehiago Bizkaian izan dira:145. Gipuzkoan 33 kasu atzeman dituzte; Araban, 23; eta Nafarroan, 61. Jaurlaritzak azaldu du erkidegotik kanpo hiru kasu daudela. Murgak azaldu du igoera "esponentziala" dela, eta erabat lotuta dagoela azken egunetan egin den kontaktuen jarraipenarekin. Bost pertsona ospitalera eraman dituzte azken orduan gaitza dela eta, eta lau ZIUetan daude.

Bizkaian atzeman diren kasuetatik 88 hiriburuan detektatu dituzte. Halaber, Murgak azaldu du azken egunetako oldarraldirik bortitzenak kontrolpean daudela oraintxe: Eibar (Gipuzkoa) eta Ermukoak (Bizkaia). Ermuan, intzidentzia erdira jaitsi da, eta Eibarren ere egonkortu egin da, Osasun Sailaren arabera. Zainketa epidemiologikoko unitateak egin dituen kontroletan, 498 positibo atzeman dituzte bi herri horietako aisialdiarekin lotuta. Halere, Mugak esan du kasu horietako batzuk inguruko herrietan atzeman dituztela: Deban eta Bergaran, besteak beste.

Selektibitate osteko ospakizunetan atzemandako agerraldia ere kontrolpean dago. Horrekin zerikusia duten kasuak 158 dira dagoeneko, baina beherakada atzeman da azken egunetan, Jaurlaritzaren esanetan. Nafarroan, oraindik ere agertzen ari dira uztailaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean sorburua duen baina batik bat Mendillorri auzoan eragin duen agerraldiarekin: azken orduetan bederatzi atzeman dituzte, eta dagoeneko 193 dira. Nafarroan detektatutako kasuen erdiak 15 eta 30 urte arteko gazteak dira.

Bestalde, atzo positibo bat atzeman zuten Barakaldoko (Bizkaia) zahar etxe batean, eta PCR probak egin zizkieten zahar etxeko erabiltzaile guztiei. Egunean zehar emaitzen berri izatea espero du Osasun Sailak. Hain zuzen ere, zahar etxeen gaiaz aritzeko bildu ziren atzo Osasun Saila eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta duela bi aste iragarritako murrizketa batzuk indarrean mantentzea adostu zuten. Egoiliarrak ezingo dira oraindik kalera atera: soilik zahar etxeak kanpoaldean dituen eremu irekietara eta lorategietara irten ahal izango dira. Bisiten kasuan, berriz, bi pertsonaren bisita jaso ahal izango dute egoiliarrek, baina aldi berean joan beharko dute biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.