Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak beste erabilera bat proposatu du zezen plazarentzat: "Gutxi batzuen gozamen makabro eta defizitariorako toki itxia herritar guztiei urteko 365 egunetan irekitako Aisialdi Plaza bihurtzea proposatzen dugu".
Zezen plazaren %50 udalarena da, eta beste erdia, Miserikordia Etxearena, udalak %50 finantzatzen duen erakundearena, alegia. "Animalien sufrimenduan oinarrituriko ikuskizunak eskaintzeko tokia da, eta gainera ez du betetzen ustez duen eginkizun soziala", azaldu du Ibaibarriagak.
"Zuloa gehiago handitu aurretik" neurriak hartzeko eskatu du, eta aisialdi plaza bat sortzea proposatu, "kontzertuetarako edota bestelako jardueretarako espazio zabalarekin, patinatzeko eta skate pista banarekin".