Esako urtegiko eskuin hegala egonkortzeko lanen inguruan xehetasunak eman ditu gaur Ebroko Ur Konfederazioko presidente Xavier de Pedrok, Esan bertan. Jakinarazi duenez, 500.000 metro kubo material kendu dute orain arte, baina bertze milioi bat kentzen jarraitu behar dutela adierazi du. "Hegala jada ez da mugitzen; behin betiko egonkortzea da orain kontua". Hori da oraintxe hasi duten lanen bigarren fasearen helburua. Hamabost milioi eurokoa da aurrekontua. Orain arte bertze hamar gastatu dituzte.
20.000 metro kubo hormigoi botako dute, gainera, Esako urtegiko eskuin hegala egonkortzeko, magal horren oinarrian. Bertan topatutako pitzadurak "normalak" direla azaldu du, eta erantsi du espero dutela otsailean urbanizazioetatik aterarazitako herritarrek urte amaierarako itzuli ahal izatea.
Cristina Igoa Lasaitasuna urbanizazioko presidenteak, ordea, zalantzak agertu ditu urtegiaren inguruan. Ohartarazi du ez dutela argi urte amaierarako etxera itzuli ahal izango duten, baina ezta ahal izanda ere itzuli nahiko ote duten ere; ez direla fio nabarmendu du.
Halaber, jakinarazi du urtegiaren egoera zein den ezagutzeko txosten propioak lantzen ari direla. Auzitara jotzeko aukera ere ez du baztertu. Irristatzea urtegia handitzeko lanek eragin dutela uste du Igoak, eta Ebroko Ur Konfederazioa jo du sortutako egoeraren erantzule.