Galiziatik hasita Bizkaiko Golko osora Prestige ontziaren hondoratzeak zabaldu zuen marea beltzaren prozedura zibila amaitutzat eman du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiak. Ildo horretan, 2016an Auzitegi Gorenak zabaldutako ebazpenean aipatzen zituen diru kopuruetan aldaketa garrantzitsuak egin dizkio epaitegiak orain, besteak beste, orduan aipatutako balizko kalte-ordaina hirukoiztu egin baitu. Gorenak 513 milioi euroko kalte-ordaina aipatu zuen ebazpen hartan. 1.500 milioi eurora iristeko, baina, aintzat hartu du A Coruñako Auzitegi Probintzialak 2017an emandako erantzukizun zibileko autoa. Auto horren arabera, Gorenak 2016an ebatzitako kopurua handitzeko "froga teknikoak" zeuden, aseguruen kontsortzioaren txostenak zioenari jarraiki.
2002ko azaroaren 19an Prestige Liberiako petroliontzia (Bahamaseko bandera zeraman) Galiziako kostalde parean bi zatitan puskatu eta hondoratu egin zen. Barruan zituen 63.000 tona fuel itsasoak barraiatu zituen hara eta hona, Galizian eta Bizkaiko Itsasoan inoiz izandako hondamendi ekologikorik handiena eraginez. Europa osotik iritsitako 300.000 boluntario jardun ziren hondartzak eta kostaldea garbitzen, batez ere Galizan, baina baita Kantauri ertzeko beste herrialdeetan ere, besteak beste, Euskal Herrian.
Auzitegi Gorenaren arabera, hondamendiaren arduradun nagusiak dira The London Steam Owners Insurance Association eta ontziko kapitain Apostolos Mangouras. Aldi berean, Mare Shiping ontziko jabea eta hidrokarburoetako kutsaduren kalteei aurre egiteko nazioarteko funtsak ere arduradun subsidiariotzat jo ditu auzitegiak.
Erantzuleek agindutako kopuruak emango ez balituzte, auzitegiak aukera eman die aldeei Erresuma Batuko justiziaren aurrean babes prozedura bat abiatzeko.
Prestige-k matxura bat eduki zuen Galizia aldean, ekaitz baten ostean. Itsasontziko piloto automatikoa matxuratuta, eskuz eraman zuen kapitainak hainbat egunez. Apostolos Mangouras tratamendu medikuan zegoen istripua gertatu zen garaian eta marinelak gazteak eta eskarmenturik gabekoak ziren. Epaiketan bi urteko zigorra jarri zioten kapitainari.