nafarroa

1512ko konkista ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu du Nafarroako Gobernuak

"Ikerketa zorrotzen ondorioz" egindako argitalpenak aterako ditu, kultur ekintzak egingo ditu, erakusketak... "Erresuma zahar honen historiaren jatorrizko iturriak helarazi nahi dizkiegu herritarrei", esan du Sanchez de Muniain kontseilariak. UPNk aitortu du Gaztelak 1512ean konkistatu egin zuela Nafarroa, baina hau hiru urtera batu egin zitzaiola. 

2012ko otsailaren 16a
13:46
Entzun

UPNk berriki aitortu du 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu egin zuela, baina "errendizioa logikoa" ere esan du eta, azken batean, handik hiru urtera Nafarroa bera lotu zitzaiola Gaztelari. Eta hori aurten, konkistaren 500. urtemugan, ospatu beharra dagoela iritzi dio Nafarroako Gobernuak (UPN eta PSN). 

Horretarako —eta 1212ko bataila ere gogoratzeko—, hainbat ekitaldi antolatu du Yolanda Barcina UPNko presidentearen gobernuak, gaur Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura eta Turismo kontseilariak (UPN) iragarri duenez. "Ikerketa zorrotzen ondorioz" egindako argitalpen historiko eta zientifikoak aterako dituzte, hezkuntza arloan kultur jarduerak egingo dituzte, erakusketak izango dira, Nafarroako historiari lotutako eraikinetan ekimen "herrikoiak" ere bai... Herrialdeko hainbat lekutan egingo dituzte ekitaldiak, "ahal den jende gehiengana heltzeko".

"Erresuma zahar honen historiaren jatorrizko iturriak helarazi nahi dizkiegu herritarrei", adierazi du Sanchez de Muniainek Iruñean, prentsaurrekoan. "1512ean-eta gertatutakoa oso garrantzitsua da gaur Nafarroako erkidegoaren esanahia ulertzeko".

Kontseilariak ondoan izan ditu Alfredo Floristan Imizcoz historialaria, Jesus Maria Usunariz historia irakaslea eta Maria Isabel Ostolaza unibertsitate irakaslea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.