Politika

"155.aren klubeko" kide bihurtzea egotzi dio EH Bilduk EAJri

"Euskaldunon hitza garrantzitsua da guretzat, eta EAJk hitza jan du; ez da fidatzekoa". Hala esan du Marian Beitialarrangoitiak Espainiako Kongresuan.

Marian Beitialarrangoitia eta Oscar Matute, Kongresuan. @EHBILDUCONGRESO
2018ko maiatzaren 23a
07:32
Entzun

"Arduraz" jokatu duela defendatu du EAJk behin eta berriz, "arduraz" onartu dituela Espainiako Aurrekontuak. Ez du hala uste EH Bilduk. Marian Beitialarrangoitia eta Oscar Matute Aitor Estebanen atzetik atera dira Kongresuko prentsa aretora, eta han azaldu dute, arduratsua "aurrekontuak ez onartzea" litzatekeela.

EAJk emandako argudioak baliogabetzen saiatu da Beitialarrangoitia. Batetik, 155. artikuluari buruz esandakoek ez dutela funtsik argudiatu du: "155. artikulua kenduko den zantzurik ez dago, eta gertatuko balitz ere, hura berriz aplikatzeko arriskua erreala da".

Bestetik, EAJk argudiatu du "euskal agenda" alderdiaren agendaren aurretik jarri duela. Hori egitea legebiltzarrak eskatutakoa bete eta aurrekontuak ez babestea litzateke, EH Bilduren irudiko. Eta gainera, pentsiodunei ere begiratzeko esan die, EH Bilduren ustez haiek ez daudelako konforme EAJk PPrekin adostutakoarekin, eta horren adierazle da ez dituztela mobilizazioak utzi.

"Korrupzioa barneraino sartuta" daukan alderdiaren mesedetan aritzea egotzi dio EH Bilduk EAJri. "Ahul zegoen gobernua indartu du, Euskal Herriari eta Kataluniari eraso egiten jarraitzeko". PPk eta Ciudadanosek osatutako "155.aren klubeko kide" berria izatea egotzi dio EAJri, Kataluniako gatazkaren "zama guztia" katalanengan jarriz.

Eztabaida sareetan

Twitterren ika mikan jardun dira hainbat politikari, aurrekontuen gaiarekin. Adibidez, Pernando Barrenak Katalanei idatzi die ohartaraziz aurrekontuak babestu dituztenak EAJkoak direla, eta ez euskal herritar guztiak. Koldo Mediavilla EAJren EAJren EBBko Harreman Instituzionaletako idazkariak formula berbera erabiliz erantzun dio, katalanei zuzenduaz, eta haiei esanez Hipercorren bonba jarri zutenak ez zirela euskaldunak izan, "Barrenaren lagunak" baizik.

Barrenak berriro erantzun dio, ez diola kontuan hartuko "beroaldi bat" edonork daukala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.