Ertzaintzak 16 urteko mutil bat atzeman zuen atzo Bilbon, beste adintxikiko mutil bati zazpi labankada sartu zizkiolako ustez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez. Honen arabera, lehengo igandeko borroka batean izan zen erasoa, Bilboko alde zaharrean.
Labankaden biktimak zauriak izan zituen bularraldean, bizkarrean, sorbaldan eta besoan, eta Barakaldoko Gurutzetako erietxera eraman zuten; ingresatuta geratu zen.
Ertzaintzak orduan ekin zion ikerketari, eta asteazkenean identifikatu zuen ustezko erasotzailea. Atzo atzeman zuen. Homizidio saioa egotzi dio.