Osakidetzak eta Osasunbideak atzo atzemandako datuen berri eman dute: 1.698 lagunek eman zuten positibo, proba diagnostikoan. Atzo jakinarazitakoak baino ia 300 gutxiago izan dira. Kopuruak ez ezik, positibo tasak ere egin du zertxobait behera: egindako proba guztien %11,6 izan dira positibo. Aurreko egunetan %12tik gorakoa izan da tasa hori.
Kutsatuen jaitsiera orokorra izan da; herrialde guztiek jakinarazi dituzte aurreko egunean baino kasu gutxiago. Positibo gehien Bizkaian izan dira, 776; amaiera eman dio bi egunean jarraian izandako 900 kasutik gorako joerari. Gipuzkoak 388 atzeman ditu; Nafarroak, 383; eta Arabak, 131.
Baina bada adierazle bat gora egin duena: ZIUetako gaixo kopurua. Osakidetzako eta Osasunbideko azken datuen arabera, 83 gaixo daude larri: ekainaren 10etik ez da izan horrelako kopuru handirik. Ospitaleetan, guztira, 433 lagun daude.