Lan mundua

17 lagun atxilotu dituzte Nafarroan 91 langile esplotatzea leporatuta

Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Vicente Riparen arabera, esklaboak bezala erabiltzen zituzten beharginak. Zazpi enpresaburu ere inputatu dituzte egoera horren berri zutelakoan.

2007ko martxoaren 15a
17:47
Entzun
Guardia Zibilak 17 lagun atxilotu ditu Nafarroan, 91 langile esplotatzea leporatuta. Riparen arabera, etxerik gabekoak ibiltzen diren inguru eta aterpeetan jendea atzematen zuten atxilotuek, batik bat, Portugalen. Gero Nafarroara eramaten zituzten, eta han lo egiteko lekuaren eta asteko 10-15 euroren truke lan eginarazten zieten, zenbait enpresatan.

91 lagun horien soldata atxilotutako 17 horiek jasotzen zuten osorik, Guardia Zibilaren arabera. Bi modu erabiltzen zituzten horretarako: batzuetan langileekin joaten ziren bankuetara, soldata beren aurrean atera eta eman ziezaieten. Beste batzuetan txekeen atzealdean eurei dirua jasotzeko baimena emanez oharra idaztera behartzen zituzten.

17 atxilotuez gain, zazpi lagun inputatu dituzte, zazpi enpresaburu. Ripak agertu duenez, ikertzen ari dira 91 lagun horiei enplegua ematen zieten enpresaburuek ba ote zekiten beste batzuk zirela haien diruaz jabetzen zirenak. Hala zela pentsatzeko zantzuak daudela erantsi du, zenbait kasutan enpresaburuak zuzenean sartu baitzuten dirua atxilotuen kontuan.

91 lagun horien bizi baldintzei dagokienez, txar-txarrak zirela azpimarratu du Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak: besteak beste, komunik gabeko etxeetan bizi zirela azaldu du, ia-ia txirotasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.