KORRIKA

18. Korrika "mundiala" izan da, antolatzaileen esanetan

Edurne Brouardek nabarmendu du "inoizko parte hartze handiena eta pluralena" izan duela aurtengoak, baina ohartarazi du 11 egunetan sortutako korrontea "kanalizatu" behar dela, urte osora zabaltzeko. Bideoa: 18. Korrikaren laburpena. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1734/[/berriatb]

2013ko martxoaren 26a
14:44
Entzun

Agerraldi bat egin dute gaur Korrikaren antolatzaileek, aurtengo edizioaren gaineko balorazioa plazaratzeko. "Mundiala" izan da, Edurne Brouard Korrikako koordinatzailearen esanetan. Brouardek nabarmendu du "inoizko parte hartze handiena eta pluralena" izan duela, eta aurtengora arte parte hartu ez zutenek ere bat egin dutela oraingoan. Brouardek ez du PP aipatu, baina aurrenekoz izan dira alderdi horretako legebiltzarkideak lasterketan.

Baionan inoiz izan den mobilizaziorik handiena izan zen Korrikaren amaierakoa, Brouarden hitzetan. Gainera, diasporan ere inoiz baino Korrika gehiago ospatu dituztela ere ohartarazi du; 30etik gora, munduko kontinente guztietan.

Beste datu bat ere ezagutarazi du, aurtengo edizioaren arrakastaren adierazle: antolatzaileek lasterketa jarraitzeko prestatutako aplikazioak 11.900 bat aldiz deskargatu dituzte. Halaber, hedabideek Korrikari egindako jarraipena txalotu du, egunean "24 orduz" euskararen aldeko ekimenaren berri eman dutela argudiatuta.

Indarra "kanalizatzeko" beharra

Kezka bat azaldu du, ordea, Broaurdek; Korrika amaituta, iraun duen 11 egunetan pilatutako aldeko jarrerak, indarrak eta abarrak nola zabaldu urte osora, alegia. Aurtengo leloa, Eman euskara elkarri, urte osokoa izateko eskatu du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, eta hiru urrats proposatu ditu horretarako: lehena, euskaldunek elkarri euskaraz egitea; bigarrena, euskaraz ez dakitenek ikastea, nahi duenak erabili ahal izan dezan; eta hirugarrena, "aukerak eta baldintzak" ezartzea, euskaraz egin nahi duenak oztoporik izan ez dezan.

Mugikak nabarmendu duenez, aurtengo edizioak frogatu du euskara "kohesiorako tresna" dela, eta bide horretan euskaltegien lana "ezinbestekoa"  dela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.