Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletako jantokiei zerbitzua eman dieten zortzi enpresa zigortu dituzte: Auzo Lagun (6.108.446 euro), Goñi (522.879), Magui (775.827), Eurest (6.640.713), Eurest Euskadi (135.497), Tamar Las Arenas (1.108.347), Gastronomia Cantabrica (1.626.662) eta Gastronomia Vasca (1.546.226).
Agintaritzak frogatutzat jo du 2014ra arte enpresok ez zirela euren artean lehiatu eta eskaintza adostu zutela. Horrela lortu zuten zerbitzua ematea bermatzea eta prezioa igotzea, Lehia Agintaritzaren arabera. Hori eginda Lehia Babesteko Legearen "urraketa oso larria" egin zutela uste du.
Indarrean dagoen ikasturtean, kontratazio sistema aldatu du Eusko Jaurlaritzak. "Lehiaren zabaltze txiki horrek soilik" zazpi milioi euro aurreztea ahalbidetu du, Lehiaren Euskal Agintaritzaren esanetan.
Erabakiarekin ez dira konforme azaldu Auzo Lagun, Magui, Goñi eta Gastronomia Vasca. Enpresaren iritziz, "testuingurutik kanpo erabilitako hainbat datutan" oinarritzen da zigorra, eta azpimarratu du "legea erabat errespetatuz" jardun duela 47 urtean.