Ertzaintzak 18 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo, Donostian, hainbat adingaberi xantaia egitea eta haiengandik sexu irudiak eskuratzea egotzita. Ustez, adingabeen posta elektronikoan eta sare sozialetako kontuetan sartzen zen, eta mehatxu egiten zien gero, haiek irudi eta grabaketak bidal ziezazkioten. Epailearen aurrean deklaratu zuen, eta atzo bertan espetxeratu zuten.
14 eta 16 urte bitartekoak dira biktimak. Salatu zuten norbait ari zela sare sozialetako haien kontuetatik idazten, eta informazio eta irudi eske hasi zitzaiela. Salaketa jarri zuten adingabe guztiak ezagutzen zituela-eta atxilotu zuten 18 urteko gaztea.
Ertzaintzak aholku ugari eman ditu, sarean halakorik ez gertatzeko:
- Pasahitza inori ez ematea, oso laguna dela pentsatuta ere.
- Ohartzea Interneten edonor aritu daitekeela gezurretan.
- Kontu berezia izatea egindako eta gordetako argazkiekin.
- Xantaiei kasurik ez egitea.