EUSKAL HERRIA

180.000 euro zuritzea leporatzen diote Jesus Pegenauteri

Jesus Pegenaute egungo Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilaria salatu du Kontuz-ek, ustez kapitala zuritzea leporatuta.

2012ko urriaren 19a
14:50
Entzun

Kontuz plataformak adierazi du aste batean, hiru egunetan zehazki, 180.00 eurora arte zuritu zituela Pegenaute kontseilariak. Plataformak azaldu duenez, delitua 2007an egin zuen, CANeko zuzendariorde zen garaian. 500 euroko billeteak kopuru txikiagokoengatik aldatzeko metodologia erabili zuela salatu du Kontuz-ek.

Ustez CANek Karlos III.aren kalean duen bulegoan egin zuen delitua kontseilariak. Plataformaren arabera, langileek CANeko Ikuskaritza Sailari jakinarazi zioten Pegenauteren aginduz bulego nagusiko zuzendariak 500 euroko billeteak 100 eta 200 euroko billeteengatik trukatzeko agindu ziela.

Pegenauteren aginduz egin zirela mugimenduak azaldu du Kontuz-ek, eta honek ez zuela argitu “nondik atera ziren 500 euroko billeteak eta nor zen azken helburua”. Patxi Zamora Kontuz-eko eledunak salatu du gainera CANeko zuzendaritzak gertaeren berri bazuela, eta ikuskaritza txostenetan zein kontrol batzordearen txostenetan ez zela operazio hori ezagutarazi, eta “isildu” egin zela. Administrazio kontseiluko zein kontrol batzordeko kideek -Sanz, Barcina, Juan Cruz Alli, Ricardo Marti Fluxa, Jose Antonio Asiain- urte hartan 30.000 euroko diru sariak kobratu zituzten, batzorde horietan egoteagatik.

Pegenaute 2002an joan zen CANera Enrique Goñiren eskutik. 2008an, CANi lotutako aholkularitza enpresako negozio zuzendari izendatu zuten, Nafarroako Kutxatik “aurre-erretiro” oparoa kobratu ostean. Gerora, Asociación para Progresión de Dirección-eko zuzendari izendatu zuten. 2009an, Barcinaren aholkulari pertsonal izendatu zuten eta orain Gizarte Politikako kontseilari.

Gainera, Caja de Navarrako beste kasu bat dutela esku artean azaldu dute Kontuz-eko kideek, eta Nafarroako Gobernuak zer egin zain daudela; ezer egin ezean epaitegira joko dutela diote.

Parlamentuan, Bilduk osoko bilkura eteteko eskatu du, baina Alberto Catalanek, araudia eskuetan, aurrera jarraitzeko agindu du. Dena den, zalaparta handia dago UPNkoen artean. Yolanda Barcina pare bat aldiz atera da ganberatik. Urduritasun aurpegiak daude parlamentarien artean. Seriotasun handia Carlos Garcia Adanerok. Ohartxoak pasa dizkiote elkarri. Maiorga Ramirezekin egon da hizketan une batez Adanero. Hasieran, ordenagailuei begira zeuden, ziurrenik Kontuz-ek gaur salatutakoaren xehetasunak jakin nahian. Pejenaute ez dago gaur Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.