EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

1.800.000 herritarrek erabakiko dute 75 eserlekuak nola banatu

EHAK-k hauteskundeetara aurkeztu ahal izango duela argitu ondoren, zazpi alderdi ibiliko dira nagusiki Eusko Legebiltzarreko eserlekuengatik lehian. Lortuko duten edo ez, zalantzan dute UAk eta Aralarrek

Erredakzioa
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.799.500 biztanle daude botoa ematera deituak. Datozen lau urteetan Ajuria Enea jauregian nor egongo den erabakiko dute, besteak beste. Inkesten arabera, ez da aldaketa handirik izango lehendakariari dagokionez. Aldaketak izatekotan, eserleku baten gorabeheran dabiltzan alderdieentzat izango da. UAk arriskuan bide du daukan eserleku bakarra, eta Aralarrek eserlekua lortzeko aukera dauka. Hori gaur erabakiko dute herritarrek.

2.689 hautestontzi botoak jasotzeko prest egongo dira gaur, 09:00etan ireki dituzten 725 bozkalekuetan. Parte-hartzeak oso handia izan beharko du orain dela lau urtekoa gainditu nahi bada.2001ean parte-hartzea oso handia izan baitzen, ia % 80koa. Posta bidezko botoa ere oso ugaria izan zen. Oraingo honetan, berriz, ez da hainbesterainokoa izan. Botoa posta bidez emateko eskaera % 30 jaitsi da 2001arekin alderatuz gero. Hala, nahiz eta berez botoa posta bidez emateko epea asteazkenean amaitu zen, ostiralera arte luzatu zuen hauteskunde batzordeak aukera hori.

EHAKri begira joan da kanpaina

Kanpainako ikusminik handiena ezker abertzaleak piztu du. Hauteskundeetara aurkeztu ahal izango zen edo ez egon baita jokoan. Udal eta foru hauteskundeetan, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan eta Europako hauteskundeetan aurkeztu ezin izan denez, zalantza zegoen oraingo honetan ere ildo berari eutsiko zitzaion edo ez.

Aurkeztu, hiru hautagaitza aurkeztu dira. Batetik, Batasuna. Baina hauteskunde batzordeak berak atzera bota zuen, hauteskunde erroldan ez zegoela argudiatuta. Bestetik, ezker abertzaleko botoemaileek beren botoa emateko aukera izan zezaten, hautesle elkarte bat sortu zen: Aukera Guztiak. Baina Espainiako Justiziaren iragazkiak ez zituen pasatu. Baliogabetu egin zuten.Hala, milaka botoemaile berriro azken hiru hauteskundeetan egon diren ataka berean zeuden. Kanpaina hastean, baina, AGk bilerara deitu zituen alderdiak. Hauteskunde programak alde batera uzteko eta eskubide zibil eta politikoen alde jartzeko eskatu zien alderdiei. Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistak bere egin zuen AGren eskaera, eta, geroztik, buru-belarri sartu zen kanpainan.Hari begira egon dira geroztik Espainiako Justizia eta PP. Azken horrek Espainiako Gobernuaribehin eta berriz EHAKren legez kanporatzea abiatzeko eskatu arren, Espainiako Justizia ministro Juan Fernando Lopez Aguilarrek esan du frogarik ez dagoela. «Frogarik gabe legez kanpo uzten saiatzea legea mespretxatzea da», berretsi zuen atzo bertan. Dena den, Candido Conde Pumpido Espainiako fiskalburuak ohartarazi du hauteskundeak pasatu eta gero ere legez kanporatu daitekeela zerrenda, «Damoklesen ezpata» bizkarrean izango duela aurrerantzean EHAK-k.Baina kanpaina arazorik gabe egin ahal izan du EHAK-k. Ez da hala izan Batasunarentzat. Lehenengo astean ertzainek indarrez hainbat ekitaldi galarazi zizkiotelako. Apirilaren 8an botoa EHAKrentzat eskatu zuenetik eta 9rako deitua zuen manifestaziorako deialdia bertan behera utzi zuenetik, ordea, arazorik gabe egin ahal izan ditu ekitaldi politikoak.

Emaitzen eguna

Gainerako alderdiak ere buru-belarri aritu dira kanpainan. Bakearen beharrean jarri dituzte indarrak, eta gehienen mezuak ildo horretan joan dira.

PPk eta PSE-EEk, berriz, gobernu aldaketaren beharra azpimarratzeko jarri dituzte indarrak. Baina ez orain dela lau urte Jaime Mayor Orejak eta Nicolas Redondo Terrerosek erabilitako mezu oldarkorrekin, tonu lasaiagoan baizik.Agenda bete-beteta eduki dute alderdi nagusietako hautagaiek, eta atzo atseden hartzeko baliatu zuten eguna. Gaur, berriz, kirioak dantzan izango dituzte guztiek. Kanpainaren ostean, zein babes jasotzen duten ikusiko baita gaur gauetik aurrera.Lehenengo emaitza ofizialak 21:30ean iritsiko dira. Ordurako botoen % 50 zenbatuta edukitzea espero du Herrizaingo Sailak. Datuak %100 gaueko 22:30ean egongo dira, iragarpenen arabera. Egun osoan irrati eta telebista kateek jarraipen zabala egingo diote hauteskunde egunari, eta iluntzetik aurrera programa bereziak izango dira irrati eta telebista kate nagusietan. Bozkalekuetan ere segurtasun neurri bereziak egongo dira. 5.000 ertzain arduratuko dira horretaz.Eusko Jaurlaritza jarduneko gobernua izango da gaur gauerditik aurrera. Gaurko emaitzak jakin ostean, alderdiek negoziazioei ekingo diete. Eta horren arabera erabakiko da Eusko Legebiltzarra nola eratuko den eta lehendakari nor izendatuko duten. Orain arte prozesu hori nola joan den begiratzen badugu, gehienez hiru hilabete barru inbestidura saioa eginda egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.