Sonia Diez Corcuera Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak Gidatu, besterik ez kanpainaren bigarren fasea aurkeztu du, gaur, Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Kanpainak uda amaitu artean iraungo du, eta gidariei ohartaraziko die errepidean arreta galtzeak, abiadura desegokian gidatzeak, eta alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak errepidean sortzen duen arriskuaz. Hiru faktore horiek eragiten dituzte istripuen %30, Corcuerak azaldu duenez.
2017ko udan, 1.251 istripu gertatu ziren. Bost pertsona hil ziren —bat Bizkaian eta lau Gipuzkoan—, eta 70 larriki zauritu ziren.
Aurten, trafiko handiagoa izango dela iragarri du Jaurlaritzak. Irteera eta itzulera operazioetan 1.830.000 ibilgailu inguruk zeharkatuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideak. Iazko ibilgailu kopuruarekin alderatura, %2,25eko igoera espero dute.
Irteera operazioko trafikorik astunena uztailaren azken asteburuan izango dela aurreratu du Corcuerak. Itzulerako trafikoa, berriz, abuztuko azken asteburuetan banatuko dela adierazi du.