parte hartzea

18:00etako datuen arabera, parte hartzea %6 igo da Gipuzkoan, %1 Bizkaian, Araban %2 jaitsi da eta Nafarroan %4

Araban %53koa izan da partaidetza ordu horretan, Bizkaian %57koa, Gipuzkoan %54koa eta Nafarroan %55ekoa. Espainian PP faborito argia da hauteskundeak irabazteko, baina Hego Euskal Herrian emaitza estuagoak espero dira. 23 diputatu eta 16 senatari hautatuko dituzte Hegoaldeko herritarrek.

2011ko azaroaren 20a
21:50
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak arratsaldeko seietan emandako datuen arabera, Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetako parte hartzea igo egin da Hego Euskal Herrian duela lau urteko bozekin alderatuta. 

18:00etako parte hartze datuak

- Araba: %53,44 (2008an %55,83).

- Bizkaia: %57,22 (2008an %55,99).

- Gipuzkoa: %54,04 (2008an %48,10).

- Nafarroa: %55,84 (2008an %59,92).

- Espainiako Estatuan: %57,65 (2008an %60,95).

14:00etan Bizkaian hautesleen %42,06k emana zuten botoa eguerdiko, duela lau urte baino %3,57 gehiagok. Gipuzkoan, berriz, %38,31koa zen parte hartzea ordu berean, eta duela lau urte %34,79koa. Araban 2008koen ia parekoa zen parte hartzea aipatutako orduan: %38,54koa aurten eta %38,52koa orain lau urte. Nafarroan, berriz, nabarmen jaitsi da goizeko parte hartzea: %42,72koa izan zen 2008ko Gorteetarako bozetan eta %36,95ekoa da aurten, 5,77 puntu txikiagoa.

Beste datu batzuk

- 2.263.745 euskal herritar deituta botoa ematera. Horietatik Araban 250.742 lagunek dute bozkatzeko aukera; Bizkaian 920.993 hautesle daude deituta botoa ematera; Gipuzkoan 575.332, eta Nafarroan 488.208.

- 23 diputatu eta 16 senatari Hegoaldean. Gaurko hauteskundeetan, Espainiako Kongresuan dauden 350 diputatuetatik euskal herritarrek 23 aukeratuko dituzte: lau diputatu Araban, zortzi diputatu Bizkaian, sei Gipuzkoan eta bost Nafarroan. Senatuari dagokionez, lurralde bakoitzeko launa senatari hautatuko dituzte: Senatuan dauden 262 eserlekuetatik hamasei, hain justu ere.

- Bozkalekuak 20:00ak arte irekita. 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekiak bozkalekuak. Orotara, 1.117 bozkaleku zabaldu dituzte, eta botoa emateko 3.759 mahai dira irekita. Guztira, 27.414 lagun ari dira parte hartzen bozkalekuetako eginbeharretan. Horietatik erdiak ordezkoak dira.

- Gorteak abenduaren 13an osatuko dira. Herritarrek gaur erabakitzen dutenarekin Espainiako Gorteak abenduaren 13an osatuko dituzte. Espainiako Gobernu berria, abenduko azken bi asteetan. Espainian PP faborito argia da hauteskundeak irabazteko, baina Hego Euskal Herrian emaitza estuagoak espero dira. 

Bozak, egoera politiko berezian Euskal Herrian

Gaurko hauteskundeak Euskal Herrian inoiz ezagutu ez den egoera politiko batean ari dira egiten, ETAren jarduerarik gabeko lehen hauteskundeak direlako. Gaur hilabete bete da erakunde armatuak armak utzi zituela iragarri zuenetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.