Abuztuaren 31n 200 urte beteko dira Donostian tropa anglo-portugaldarrak sartu eta su emanda hiria suntsitu zutela, Napoleonen gerren baitako gertaera tragiko batean. Urte asko dira halako egunez donostiarrek omen egiten dietela 1813an tragedia hura pairatu eta ausardiaz eta adorez aurrera atera eta hiria berreraiki zutenei. Aurten, baina, ekitaldi bereziak egingo dituzte, bigarren mendeurreraren harira. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua, Zuloaga plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Miren Azkarate bigarren mendeurreneko batzorde ez-iraunkorreko lehendakaria.
Izagirrek nabarmendu duenez, abuztuaren 31n urtero oroitzen da orain 200 urte zer gertatu zen, baina aurten modu bikainean egingo dute. "Donostiako hainbat elkartek parte hartuko dute oroitzeko ekitaldietan. Nik gogoan herritarrak hartu nahi ditut. Hiri bat ez da bi etxez eta lau paretaz eraikitzen, pertsonaz pertsona baizik. Donostiarrek eraiki dute Donostia, eta hala jarraituko dugu". Ekitaldietan Donostiako hainbat elkarte izango dira protagonista: Verdini eta Kresala dantza taldeak, Donostiako Orfeoia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa... Azkaratek esan duenez, Donostiaren berreraikitzea gizarte zibilari zor zaio. "Herritarrak mugarri izan dira gure hirian, eta zer gertatu zen gogoratzeko lanean segitu behar dugu".
Egitaraua:
Abuztuak 30:
- Donostiako Orfeoiak emango duen kontzertuan, besteak beste, obra berri bat interpretatuko da: Suak pizturik dirau, bigarren mendeurreneko ereserkia.
- Suberri eskusoinu orkestraren eta Aita Donostiaren emanaldia, San Bizente elizan.
- Kresala eta Verdini dantza taldeen emankizuna: bigarren mendeurrenaren oroitza egiteko prestatutako Hala ere izeneko emanaldia eskainiko dute.
- Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako efemeride honen oroitzarako bereziki hautatutako lanak eskainiko ditu, aire zabaleko kontzertu batean. Juan Karlos Izagirrek Hiriaren Urrezko Domina emango die.
Abuztuak 31:
- Goizean kanpaiak joko dituzte.
- Santa Maria basilikan, duela 200 urteko suntsiketaren biktima guztien aldeko hil funtzioa eskainiko da.
- Ondoren, Santa Klara uhartetik, Urgulletik eta portutik kanoi salbak egingo dira, baita Donostiako portuaren hartzea ere.
- 12:15ean danborradek ekingo diote, eta ondoren esku dantza egingo da.
- Arratsaldean, oroitzazko desfilea eta berregintza historikoa egingo dira, 18:00etan. Lehorreko Atean donostiarrei omenaldia egiteko, lore eskaintza bat egingo da 19:30ean.
-Desfileak Bretxan jarraituko du, handik hiria hartzearen berregintza historiko bat eskainiko baita.
-22:00etan, kanpai jotzearen ondoren, argiak itzali egingo dira, kandelak pizteko. San Bizenteko atarian Donostiako antzinako himnoa joko da, eta zuzien argitan abiatuko da segizioa.
- Valle Lersundi plazatxoan Santa Cecilia abesbatzak kantatuko du; Trinitate plazan, berriz, Gaztelupe abesbatza ariko da. Ondoren, biak segizioari batuko zaizkio.
-23:00etan, Konstituzio plazan, Donostia Sutan taldeak antzezpen bat eskainiko du.