INDARKERIAREN BIKTIMAK

187 pertsonari aitortu diete giza eskubideen urraketen biktima izatea

107/2012 dekretuaren bitartez sortutako lantaldeak txostena bidali du Eusko Legebiltzarrera, 1960 eta 1978 artean botere abusuen edo polizia indarkeria legez kanpo erabiltzearen ondorioz biktima izaera aitortu zaien kasuen inguruan. Larunbatean ekitaldi instituzional bat egingo dute Donostian, biktima horiek lehen aldiz omentzeko.

Memoriaren Eguneko ekitaldi instituzionala Eusko Legebiltzarrean, iaz. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko otsailaren 18a
07:17
Entzun

239 kasu aztertu ditu guztira 107/2012 dekretuaren ondorioz sortutako Balorazio Batzordeak. Horien %80ri aitortu die biktima izaera, 52 eskaera atzera bota ostean. Azaldu dutenez, eskaera horiek ez dituzte atzera bota giza eskubideen urraketen biktima izan ez direlako, baizik eta "erdiak ez zirelako aztertutako aldiko kasuak eta gainerakoak epez kanpo aurkeztu zirelako".

Bost taldetan banatu dituzte 187 biktima horiek. Kasuen %16 "estatuaren segurtasun indarrek suzko armak erabiliz eragindako heriotzak" dira, gehienak, manifestazioetan, errepideko kontroletan edo kaleko istiluetan, besteak beste. Kasuen %30 aipatutako egoeretan zauritutakoak dira. Kasuen %7 "manifestazioak desegiteko gailuek zauritutako pertsonak" dira. Beste %36, atxilotu ostean komisarian tratu txarrak eta torturak jasan dituzten biktimak. Eta gainontzekoak (%11) "bestelako gertakari edo egoeretan gertatutako kasuak" dira.

2012ko ekainean sortu zen batzordea, eta ordutik 73 bilera egin dituela jakinarazi dute. 210 pertsonaren testigantza bildu eta 239 irizpen eman ditu. Halaber, jakinarazi dute gaur Eusko Legebiltzarrera bidalitako txostena "aurrerapen bat baino ez" dela, eta egindako lanaren eta biktimen esperientziaren berri emango dute aurten.

Giza eskubideen urraketa horien ezaugarri eta testuinguruak ere zehaztu dituzte txostenean. Manifestazio eta indarraren gehiegizko erabileraren atalean 31 kasu daude; atentatuetan, lau kasu; errepideko kontroletan zazpi adibide identifikatu dituzte; atxiloketa arbitrario eta torturen atalean, 72 kasu, eta, azkenik, sexu indarkerien atalean, bortxaketa kasu bat eta hainbat sexu eraso aztertu eta onartu dituzte.

Giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko politika publikoak era "egokian" egin daitezen zenbait gomendio ere zerrendatu ditu Balorazio Batzordeak. Batetik, gaur egun arteko motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko araudia "lehenbailehen" osatzea. Bestetik, omenaldi publiko bat egitea eta biktimak antolatzen diren memoria ekitaldietara gonbidatzea. Eta, azkenik, batzordeak nabarmendu du garrantzitsua dela biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko martxan jartzen den edozein prozesuk beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. Eta gisa horretako beste edozein prozesu diseinatzerakoan alor hori kontuan hartzea gomendatu du.

Larunbatean Donostian biktima horiei aitortza egiteko ekitaldia egingo dute, lehen aldiz, eta Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.