18/98 epaiketako defentsari iritsi zaio bere ondorioak azaltzeko txanda, eta aste honetan emango dituzte 52 auzipetuen abokatuek ahozko informeak. Goiz eta arratsaldez izango dira saioak, larunbatean barne, epaileak erabaki duenez; besterik ezean, orduan bukatuko da epaiketa. Gaurtik bertatik mezu garbia eman du, baina, defentsak: "Epaiketa politikoa izan da, hasi eta bukatu", esan du Jose Mari Elosua abokatuak.
Haren ustez, prozesu honek Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuaren presidentea zeneko garaiarekin lotura du. Aznarren gobernuak ezker abertzalearen sare politiko eta sozial dena "suntsitu" nahi zuela gogoratu du Elosuak eta, beraz, auzi honek "butzada politikoa" daukala. Epaiketa ezker abertzalearen kontrakoa dela esan du abokatuak, baina baita "oro har, sistemaren kontra" doazenen aurkakoa ere. "Epaiketa ikuspuntu okerrean oinarritzen da", esan dio epaimahaiari.
Defentsak oinarrizko beste eskubideen salaketa ere egin du: atxiloketak "bortitzak eta neurrigabeak" izan zirela, atxilotuen deklarazioak "torturapean" lortu zituztela -deklarazio horiek ez onartzeko eskaera egin diote epaimahaiari-, inkomunikazioa... Oraindik froga edo idatzi batzuk ez direla agertu ere esan dute abokatuek.
Fiskalak eta AVT ordezkatzen duen akusazio partikularrak aurreko egunetan azaldu zituzten ahozko informeak.
18/98 epaiketa ia orain dela urte eta erdi hasi zen.
'18/98 auzia'
18/98 epaiketa "politikoa" izan dela dio defentsak ondorioetan
52 auzipetuen abokatuak gaur hasi dira ahozko informeak azaltzen. Aste honetan bukatuko da epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu