Irregulartasunak tarteko, atzo gauean bertan behera utzi zuen 18/98ko atxilotuei beren egoeraren aldaketaren berri emateko auzi saioa Angela Murillo epaileak. Ondorioz, gaur jarraituko dute atxilotuek Auzitegi Nazionaletik igarotzen; hasi dira.
Hala ere, irregulartasunak bata bestearen atzetik joan arren, atxilotuetatik 15 igaro ziren epailearen aurretik, eta bat izan ezik beste guztiak baldintza gabe espetxeratzeko eskatu zuen fiskalak. Aldiz, Xabi Oterori 60.000 euroko bermea ordainduta aske geratzeko aukera eman zion.
Baina irregulartasunak izan ziren atzoko saioen ezaugarria. Goizean jaso zuten bistarako deia abokatuek: 13:30erako Madrilen egoteko hitzordua. Presoak orduan pasatuko zituzten auzitegitik. Abokatuek, ez zutela denborarik esan eta ez zirela agerraldian egongo mehatxu egin zuten. Faxez igorri zieten bigarren abisua: 17:30ean hasiko zen bista.
Madrilerako bidean jarri, eta bertara iristean ikusi zuten harridura handiena sortarazi ziena. Txema Matanzasi ofiziozko abokatua ezarri, eta horrela hasia zuten bista, konfiantzazko abokaturik gabe. Abokatuek protesta egin, epaileak saioa eten, eta berriz hasi zuen, konfiantzazko abokatuekin.
Baina irregulartasunek bere horretan jarraitzen zuten. Abokatuek ez zuten ostiraletik izan beharko luketen autoa esku artean. Ez zuten atxiloketen inolako notifikaziorik. «Uste dugu atxilotze aginduak jasotzen dituen autoa dela, baina hori ere ez dakigu. Alde guztiek dute autoa guk izan ezik», kexu zen Jone Goirizelaiak. Epaileak, halere, saioarekin jarraitzen zuen. Fiskalak espetxeratzeak eskatzen, eta abokatuek atxilotuak aske uzteko. Horrela igaro ziren epailearen aurretik Txema Matanzas, Iker Casanova, Juan Pablo Dieguez, Olatz Egiguren, Paul Asensio, Imanol Iparragirre, Ana Lizarralde, Ruben Nieto, Xabi Balanzategi, Joxe Garcia, Patxi Gundin eta Bixente Askasibar, besteak beste. Azkenean, defentesaren protesten ondorioz, bertan behera utzi zuten saioa, gaur jarraitzeko. Defentsak 22:45ak aldera jaso zuen autoa.
18/98ko atxilotuek epailearen aurretik igarotzen segituko dute arratsaldean, Auzitegi Nazionalean
Atzo hamabost pasatu ziren, nahiz eta defentsak atxilotze autorik ez zuen. Azkenean, irregulartasunak tarteko, auzi saioa bertan behera utzi zuen epaileak, gaur arratsaldean jarraitzeko; hasi dira. Xabi Otero 60.000 euro ordainduta aske uzteko aukera eman zuen fiskalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu