19 urteko gazte bat atxilotu dute, neska-laguna jotzea egotzita

Bikotekidea, 16 urteko neska, mutilaren etxeko terrazan aurkitu zuten ertzainek, oso urduri; min hartuta zegoen

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 19 urteko gizon bat atxilotu du, 16 urteko neska-lagunari tratu txarrak ematea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, herenegun arratsaldean izan zen erasoa. Bizilagun batek Ertzaintzara deitu zuen, ondoko etxean oihuak eta zaratak entzun zituela esanez eta genero indarkeria kasu bat izan zitekeela azalduz. Ertzainak hara joan, eta ustezko erasotzaileak esan zien gurasoak oporretara joan zirela eta neska-lagunarekin zegoela baina ez zela ezer ere geratu.

Ertzainek, ordea, etxea miatzea erabaki zuten. Sukaldeko terrazan neska bat topatu zuten, oso urduri. Hark azaldutakoaren arabera, mutil-lagunarekin eztabaida izan zuen, eta ez zion etxetik joaten utzi. Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, atxilotuak indarra erabili zuen horretarako, eta paretaren kontra ere bota zuen. Neskak zauriak zituen lepoan, besoetan eta eskuetan.Ertzainek han bertan atxilotu zuten gizon gaztea.

Haur pornografiagatik, atxilo

Bestalde, Santurtzin (Bizkaia), 45 urteko gizon bat atxilotu dute udaltzainek, ustez haurrei irudi pornografikoak igortzeagatik. Hilabeteak zeramaten gizona ikertzen. Antza, exhibizionismoa egiten zuen haurren aurrean, eta irudi pornografikoak bidaltzen zizkien sakelako telefonoa erabiliz. Atxilotu zutenean, hainbat sakelako eta material informatiko atzeman zizkioten.

Bilboko epaile batek, berriz, bi urruntze agindu jarri dizkio sexu abusuak leporatuta atxilotu zuten Erandioko (Bizkaia) Goikolanda ikastetxeko irakasleari. Irakasleak debekatua du ikastetxetik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea. Agindu bera ezarri diote, ustez sexu abusuak jasan zituzten zazpi adingabeekiko. Irakaslea urtarrilaren 11an atxilotu zuten. Orain epaiketaren zain dago, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Urruntze aginduak auziaren inguruko instrukzioan iraun bitartean egongo dira indarrean, eta ondoren erabakiko du epaileak horiek luzatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.