Arratsaldean, bi istripu izan dira Nafarroan, 16:00ak aldera. Zizurko Gatzolatz auzoburuan, NA-7010 errepidean, auto bat errepidetik atera da, eta zuhaitz bat jo du aurrez aurre. Gidaria bakarrik zihoan autoan, 19 urteko gizon bat.
Nafarroako suhiltzaileek atera dute gorpua ibilgailutik. Anbulantziak ez du ezer egiterik izan, dagoeneko hilik baitzegoen. Foruzaingoa istripuaren kausa ikertzen ari da. Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman dute hilotza, autopsia egiteko.
Bestalde, 42 urteko motor gidari bat larri zauritu da Antsoainen. Ezkabako gotorlekuko zulora erori da sei metrotik. Suhiltzaileak helikopteroz joan dira, eta han izan dira anbulantzia eta foruzainak ere. Zauritua Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute, bere kordean zela; politraumatismoak ditu, eta hausturak hanketan, erreskate taldearen arabera.