memoria historikoa

1936ko biktimak gogoratzeko legea onartu du Nafarroako Parlamentuak

PPN izan da testuaren aurka bozkatu duen bakarra; UPNk ezezkoa eman zion legeari batzordean, baina gaur abstenitu egin da.

Lore eskaintza Sartagudako Memoriaren Parkean. I. URIZ, ARP
edurne elizondo
2013ko azaroaren 14a
16:50
Entzun

1936ko gerran hildakoen senitartekoek txalo batekin eta "Gora errepublika" oihukatuz ospatu dute Nafarroako Parlamentuak altxamendu militarraren ondorioz hildakoak eta errepresioa jasan zutenak gogoratzea eta aitorpen morala egitea xede duen legea onartu izana. Ezkerrak aurkeztu zuen, eta talde gehienen babesa jaso du: Ezkerrarena, noski, PSNrena, Bildurena, Aralar-NaBairena, bai eta Geroa Baiko parlamentariena ere. Denera, 27 boto legearen alde. Kontra lau bertzerik ez ditu jaso: PPNko parlamentariena. UPNko 19 parlamentariak, berriz, abstenitu egin dira. Lege proposamena batzordean eztabaidatu zutenean, kontrako boza eman zion alderdi horrek testuari. "Herritarren presioaren ondorioz aldatu du bere botoa UPNk", erran du 1936ko Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolazak.

Legeari babesa eman dioten taldeek iritzi berari eutsi diote: 36ko gerraren ondorioz hildakoen eta errepresioa jasan zutenen senitartekoek merezi dutela egia jakitea. Eta haien hildakoen gorpuak berreskuratzea, ehunka, oraindik ere, desagertuta baitaude. Bilduko Victor Rubiok ohartarazi du, hala ere: "Lege hau ez da helmuga, abiapuntua baizik. Lan handia dago, oraindik ere, egiteko".

Ezkerrako Txema Mauleonek zuzenean hitz egin dio Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari. Eta argi erran dio: "Gaur ez zara nafar guztien ordezkari". UPNK, bai eta PPNK ere, parlamentuan onartutako ponentzia jarri dute mahai gainean, batzordeko eztabaidan egin zuten bezala. "Talde guztien adostasuna lortu genuen orduan, ponentzia onartzeko", gogoratu du UPNko Javier Caballerok. Ezkerreari, "batasuna hautsi" izana egotzi dio PPNko Eloy Villanuevak.

"Ponentzia paper hutsa da; eta hori baino gehiago behar eta merezi dute senitartekoek", nabarmendu du Ezeozalak. Gogoratu du legearen eskutik DNA bankua sortuko dela, eta gobernuak hartu beharko duela bere esku desagertuta jarraitzen dutenen gorpuak bilatzeko lana. "Giltzarritzat" jo du legea onartu izana, eta argi utzi du gobernuaren urratsei so eginen dietela, legeak errandakoa betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.