AFFNA-36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatu du omenaldia, eta musika, antzerkia eta biktimen senideen testigantzak izan dira ikus eta entzungai. Ordezkaritza politiko zabala izan da, halaber; bertan izan dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Alvaro Baraibar Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaria eta UPN Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerrako ordezkariak. UGT sindikatuko kideek ere hartu dute parte.
Barkosek azaldu du "gure historiaren pasarte garratzenetakoa" gogoratzera joan dela ekitaldira: "Gure lurretan beste [pasarte garratz] asko daude, eta guztietan eutsi behar zaio oroimenari, halakoak berriro errepikatu ez daitezen".
Oga Alcega Fusilatuen Senideen Elkarteko presidenteak "oso positiboki" baloratu du UPNko kideen presentzia: "Ideologiek ez dute axola, bakoitzak gurea dugu, hemen biktimen eskubideez ari gara". Pozik agertu da Alcega gaur "denak" zeudelako biktimak oroitzen. Hala ere, faltan bota ditu Eliza katolikoaren ordezkariak, "zuzenean nahiz zeharka, gertatutakoaren partaide izan zelako".