1936ko gerrakoa zen obus txiki bat aurkitu dute gaur Bergaran, Gipuzkoan. 35 zentimetro luze zen. Egoera onean zegoen, eta leherrarazi egin dute. San Martzial auzoan agertu da lehergailua.
Herritar batek atzeman du obusa, eta udaltzainei egin die abisu, gaur goizean, bederatziak aldean. Udaltzainek larrialdi zerbitzuei deitu diete.
Lehergaia egoera onean zegoela ikusi dute, eta beste leku apartatuago batera eraman dute. Bertan leherrarazi dute, 12:00 aldean.
Gerrako lehergai gehiago egon daitezkeela inguruan, eta halakorik inoiz aurkituz gero ez ikutzeko aholkatu dute adituek.